Irudhitzen lehiaketa

Martxan da III. Irudhitzen lehiaketa

Uztarria.eus 2018ko urr. 15a, 21:26
III. Irudhitzen lehiaketa iragartzeko kartela.

Koloreak izango da irudiak eta hitzak uztartzen dituen lehiaketaren hirugarren edizioaren gaia. Horrenbestez, sariketara aurkezten diren irudietan koloreek garrantzi berezia izan beharko dute. Azaroaren 3ra bitartean aurkez daitezke irudiak argazkien lehiaketara. Ondoren, irudi guztien artetik hamabi nabarmenduko dituzte herriko hiru argazkilarik, eta orduan zabalduko da irudiei hitzak jartzeko epea. Irudien eta hitzen ataleko irabazkeek 150 euroko saria jasoko dute. Irudhitzen lehiaketako argazkiekin eta testuekin 2019ko egutegia kaleratuko du Uztarriak.

Hirugarren urtez jarraian, irudiak eta hitzak uztartuko dituen egitasmoa martxan jarri du Uztarria Komunikazio Taldeak Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Egitasmoaren helburua da herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatera animatzea eta argazkiekin eta testuekin jolastuz irudimena dantzan jartzea. 

Orain arteko edizioetan bezala, Azpeitian ateratako argazkiak oinarri hartuta bi azpi-lehiaketa izango ditu Irudhitzenek: irudien lehiaketa eta testu laburrena. Aurtengorako aukeratu dugun gaia Koloreak da. Irudiak aurkezteko epea zabalik dago jada. 

Argazki lehiaketaren oinarriak 

  • Gaia: Koloreak.
  • Zuri-beltzean nahiz koloreetan bidal daitezke argazkiak, betiere koloreak eta kontrasteak nabarmenak badira.
  • Irudia Azpeitian ateratakoa izatea.
  • Parte hartzeko ez da ezinbestekoa azpeitiarra izatea.
  • Argazkia horizontala izatea eta JPG formatuan aurkeztea.
  • Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bost argazki bidal ditzake.
  • Aurkezten diren irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute. 
  • lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali behar dira irudiak. Azaroaren 4an itxiko da argazkiak bidaltzeko epea. 

Argazkien epaimahaia herriko hiru argazkilarik aukeratuko dute aurten: Xanti Rodriguezek, Ainara Garciak eta Alberto Belokik. Argazkilariek hamabi irudi nabarmenduko dituzte, eta horietako bat izango da irabazlea. Horren egileak 150 euroko saria irabazkiko du. Epaimahaiak aukeratutako hamabi argazki horiei jarri beharko zaizkie hitzak ondoren. 

Testu laburren txanda, azaroan

Irudien lehiaketa itxita, testu laburren lehiaketa jarriko du martxan Uztarriak. Parte-hartzaileek Rodriguezek, Garciak eta Belokik aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jarri beharko dizkiete. Azaroaren 5ean zabalduko da hitzak aurkezteko epea, eta hil horren 19an itxiko da. Xabier Gantzarain, Miren Gorrotxategi eta Leire Ostolaza arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi nabarmentzeaz. Horietako bat izango da testu irabazlea, eta egileak 150 euroko saria eskuratuko du. 

Honakoak hauek dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Argazkia oinarri, norberak erabakiko du zertaz idatzi. Argazkiaz, irudiak sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz...
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak. 
  • Azaroaren 19a izango da testuak bidaltzeko azken eguna.

2019ko egutegia eta Irudhitzen erakusketa

Irudhitzenera aurkezten diren irudietatik eta testuetatik epaimahaiak aukeratzen dituen argazkiekin eta hitzekin, Uztarria Komunikazio Taldeak 2019ko egutegia kaleratuko du, eta bazkideek etxean jasoko dute- Azken urteetan Irudhitzen egutegia urtarrilean banatu bada ere, aurten, Uztarriaren bazkideek 2018ko abenduko aldizkariarekin batera jasoko dute 2019ko Irudhitzen egutegia. Gainerakoek, berriz, erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi 1).

Ondoren, Irudhitzenera aurkeztutako material guztiarekin erakusketa bat prestatuko du Uztarriak Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Modu horretan, 2019 urte hasieran III. Irudhitzen lehiaketak utzitako argazki eta testu guztiak ikusgai izango dira Sanagustin kulturgunean. 

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea

II. Iruhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea