Hizki txikia, ertz askoko informazioa

'Berria' 2018ko urr. 13a, 17:00
Mezu eta marka askotako produktuak daude sail bereko elikagaien pasilloetan. (Izaro Zinkunegi

Milaka elikagaiz beteta daude supermerkatuetako apalak; aukera amaigabea da mota bereko elikagaien kasuan ere. Ontzien eta bilgarrien itxura bainoago, haien ezaugarriak hartu behar dira kontuan bata ala beste hautatzerakoan: osagaiak, nutrizio balioak eta jatorria, besteak beste. Berriak gaiaz erreportajea egin du Aitziber Aizpuru dietista eta nutrizionista azpeitiarrarekin hitz eginda.

Esne osoa, erdigaingabetua eta gaingabetua; aurreraxeago, zereal, fruitu lehor eta lekaleetatik eratorritako edariak: arrozetik, almendratik edo sojatik, kasurako. Ez da falta ekologikorik eta laktosa gabekorik ere. Halakoa da esneen saila supermerkatuan, eta ez da salbuespena, amaigabeko aukera baitago gainerakoetan ere. Produktu bat ala bestea, marka hori ala hura? Etiketetan dago erantzuna. 

Kolorez, irudiz eta mezuz beteta daude apalak; marka bakoitzak berea, helarazi nahi duen mezuaren arabera. Bada, ordea, letra txikiagoarekin idatzitako informazioa ere, eta hara jo behar du kontsumitzaileak: "Nutrizio etiketek erosi behar dugun produktua ezagutzeko balio dute: jatorriari, osagaiei eta nutrizio balioari buruzko informazioa ematen digute", azaldu du Aitziber Aizpuru Bereziartua nutrizionistak. Nutrizio aholkularia da Aizpuru Azpeitiko Eliku zentroan.

"Informazioa boterea da", argi du Aizpuruk. Haatik, bilgarrien itxura baztertu eta etiketatara jo behar da. Osagaien zerrenda ikus daiteke han, eta badira kontuan izan beharreko gauzak hura irakurtzean: "Zerrendako lehenengo osagaia da produktuak gehiena duena". Hori jakinik, ezustekoren bat har dezake kontsumitzaileak; esaterako, kakao hautsetan. "Askotan, kakaoa baino azukre gehiago izaten dute", esan du nutrizionistak. Hurrenkeraz gain, haien kopurua ere aztertu behar da. "Zenbat eta osagai gehiago eduki, produktu hori prozesatuagoa izango da". Osagai gutxikoen aldekoa da bera, eta askari bat jarri du adibiderako: "Barra energetikoak baino, ogi zati bat eta intxaurrak hobeto".

Osagaiek nola, nutrizio balioen taulak ere baditu bere ñabardurak. Buruhauste ugari sortzen dizkio zenbaiti kaloria kopuruak. Hala uste dute batzuek: "Zenbat eta gutxiago, hobeto"; beti ez da horrela, ordea: "Dena ez da kaloria kopurua; konposizioari ere erreparatu behar diogu: adibidez, kaloria gutxi badu, baina horiek gehitutako azukreetatik badatoz, ez du interesik nutrizio aldetik". Halakoetan hobe da kaloria gehiago izanagatik osasuntsuagoak diren produktuetara jotzea; fruitu lehorretara, kasurako.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus-en.