Taldearen 10. urteurrena ospatuta hasi dute Zezen Beltz asteburua

Uztarria.eus 2018ko urr. 12a, 22:35

Sanagustin kulturgunean hasi dute aurtengo Zezen Beltz asteburua. 2008ko karnabaletan aurkeztu zuten sokamuturzaleen elkartea, eta beraz, joan den otsailean bete zituen hamar urte (laburpen bideoa). Gaur, taldearen 10. urteurren hori ospatu nahi izan dute, X. Zezen Beltz asteburuari ekiteko. Taldearen historiari errepaso azkarra egiten dion bideo laburra bota dute lehenbizi Sanagustingo pantailan; Urtzi Oteiza Kaitorekin egin dute lan hori. Ondoren, iragarria zuten moduan, Sanagustinen bertan mokadua egiteko parada izan dute ekitaldira joan diren guztiek. Tartean, Azpeitiko Udalaren aitortza jaso dute Zezen Beltzekoek; Mikel Odriozola taldekideak jaso du Agustin Lizarralde zinegotziaren eskutik Mikel Sanjuanek egindako oroigarria.

Bihar eta etzi hainbat ekitaldi izango da Zezen Beltz asteburuaren barruan. Hau da egitaraua:

Bihar, larunbata

12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan.

17:00. Grand Prix, zezen plazan. Bukaeran, zezen txikiak haurrentzat. Sarrera: 3 euro. Aurrez ohiko tokietan eta egunean bertan zezen plazako leihatilan.

Etzi, igandea

12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan.

Ordu berean: txahal saiheski eta oilasko erretzea eta dastatzea, plazan, musikaz alaiturik.
Goizean, Zezen Beltz elkarteko kamiseta berriak eta lepoko zapi gorriak erosteko aukera izango da, plazan.

Salgai jarriko dute, era berean, Irteera pelikula, 2 eurotan.

17:00. Helduen entzierroa, Artzubitik herriko plazara eta buelta. Ondoren, zezen bolaztatuak, Artzubia kalean.

Zezen Beltz elkartearen 10 urteen laburpen bideoa