Musikari gazteei zuzendutako saioarekin hasi dira Metal Topaketak

Uztarria.eus 2018ko urr. 12a, 15:01

Gaur, ostirala, hasi dira MetalTop Euskal Herriko II. Metal Topaketak. Musikari gazteei zuzendutako saioa eskaini dute goizean Udal Musika Bandaren Soreasuko egoitzan, eta 25 bat gaztetxo izan dira ikastaroaz gozatzen. Arratsaldean beste saio bat izango dute horiek, eta 18:00etan egunean zehar ikasitakoa taularatuko dute Sanagustin kulturgunean. Gaur, gainera, MetalTopen parte hartuko duten hainbat maisuk Tuba Polka kontzertua eskainiko dute 22:00etatik aurrera, Iraurgi Saskibaloi Taldeak Azoka Plazan muntatu duen Garagardo Azokan.

Biharkoa izango da topaketen egunik mamitsuena: izan ere, 50-55 bat musikari elkartuko dira 10:00etatik aurrera, Pablo Fernandez eta David Muñoz maisuen masterclassa jasotzeko. Era berean, bihar izango da aurten MetalTopen barruan egingo den Tuba Jaialdiaren eguna ere; 14:00etan, plazako kioskoan izango da Tuba Jaialdiaren kontzertua, eta hori prestatzeko bi entsegu saio egingo dituzte goizean zehar. Arratsaldean, berriz, Spanish Brass taldeko kideen ikastaroa ere izango da, eta horiek kontzertua ere eskainiko dute 20:00etan hasita, Soreasu antzokian. Sarrera ordaindu beharreko kontzertu bakarra izango da Spanish Brassena, eta 12 euro kostatuko da. Sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean. Bestalde, Gunemusic-en eskutik musika tresnen erakusketa izango da ikusgai, Soreasun.

Igandean Spanish Tuba Quartet taldeak Sanagustinen emango duen kontzertuarekin amaituko dira Euskal Herriko II. Metal Topaketak.