Herriko bost pilotari, bihar hasiko den Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko urr. 11a, 19:09
Erremontistak eta antolatzaileak Izarraitz pilotalekuan, txapelketaren aurkezpenean.

Aurten ere sei bikote lehiatuko dira txapelaren bila, bi taldetan banatuta. Jaialdi guztiak ostiralez izango dira, 18:30ean hasita: bihar, hilaren 19an eta 26an jokatuko dute sailkapen fasea, eta azaroaren 2an izango da finala.

Bihar, urriak 12, hasiko da Izarraitz pilotalekuan Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketa. Aurten ere sei bikotek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta, eta herriko pilotarien presentzia nabarmena izango da: etxeko bost erremontistak jokatuko dute txapelaren bila. A taldean lehiatuko dira Ansa II.a eta Azpiroz, Matxin III.a eta Agirrezabala, eta Segurola eta Ion; eta B taldean, Uterga eta Labaka, Urtasun eta Aizpuru III.a, eta Juanenea eta Larrañaga. Bihar, hilaren 19an eta 26an jokatuko dute sailkapen fasea, eta azaroaren 2an izango da finala. Lehen hiru jardunaldietan talde bakoitzean denek denen kontra jokatuko dute, eta talde bakoitzean puntu gehien pilatzen duten bikoteak iritsiko dira finalera. Sailkapen partidetan, irabazleek lau puntu pilatuko dituzte; galtzaileek, berriz, bi puntu (37 eta 39 tanto bitartean egiten badituzte), puntu bat (34 eta 36 puntu bitartean egiten badituzte) ala bat ere ez lor ditzakete.

Biharko lehen jardunaldian, Ansa II.ak eta Azpirozek Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra jokatuko dute lehen partida, A taldearen barruan. B taldean, berriz, Urtasun eta Aizpuru III.ak Juanenearekin eta Larrañagarekin neurtuko dituzte indarrak.

Iaz bezala, aurten ere udazkenean jokatuko da Azpeitiko Erremonte Txapelketa. Laster hasiko den Erremonteko Txapelketa Nagusiaren atariko gisa aurkeztu zuen Oriamendi enpresako Joxe Mari Barrenetxeak Azpeitikoa, eta horregatik, "oso txapelketa garrantzitsua" izango dela esan zuen. "Bikoteak antolatu ditugu bertako pilotariei lekua emanez, batez ere. Batean izan ezik, bikote guztietan dago bertako pilotariren bat", azaldu zuen, azpeitiarrei eta azkoitiarrei erreferentzia eginda. Horrekin lotuta, aurtengoan izango da berrikuntza bat: bikote bakoitzak toki-izen baten izenean jokatuko du. Horrela, Urnietaren izenean ariko dira Ansa II.a eta Azpiroz (bertako pilotaririk ez duen bikote bakarra); Matxinbentaren izenean, Matxin III.a eta Agirrezabala lehengusu matxinbentarrak; Azpeitiaren izenean, Segurola eta Ion; Loiolaren izenean, Uterga eta Labaka; Urrestillaren izenean, Urtasun eta Aizpuru III.a; eta Azkoitiaren izenean, Juanenea eta Larrañaga.

Udalak txapelketa "ilusio handiz" hartzen duela adierazi zuen Agustin Lizarralde zinegotziak, eta "kirol honi merezi duen tokia" emateko eta "Azpeitiak erremontearen munduan erreferentzia izaten jarraitzeko" asmoarekin. Barrenetxeak, bere aldetik, eskerrak eman zizkion Udalari, "erremontearen alde egiten duen ahaleginarengatik".

Jaialdi bakoitza ikusteko bi euro ordaindu beharko dira, eta lau jaialdietan bina lagunentzako afariak zozkatuko dituzte ikusleen artean.