Elosiagako Santa Luzia ermitara eta Añotako sagastietara bisita gidatua egingo dute igandean

Uztarria.eus 2018ko urr. 10a, 11:29
Elosiagako Santa Luzia ermita.

Inaziotar Lurraldeko Ezkutuko Altxorrak programaren barruan antolatu dute bisita, eta interesa duen herritar orok har dezake parte bertan, aurrez izenik eman gabe. Juan Bautista historialaria arduratuko da saioa gidatzeaz, 12:00etan hasita.

San Inazio 1535. Azpeitiko Elosiagako Santa Luzia ermita eta sagardoaren lurra izenburupean, bisita gidatua izango da igandean, hilak 14, Ignaziotar Lurraldeko Ezkutuko Altxorrak programaren barruan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, San Inazio azkenekoz Euskal Herrira itzuli zenean, Elosiagako Santa Luzia ermita bisitatu zuen, "berak predikatzen zuen zuhaitza mantentzen den lekua", hain zuzen. Horregatik, bisita gidatuan geldialdia egingo dute han. Ondoren, Añota sagardotegiko lurrak bisitatuko dituzte. "Ermitatik oso gertu, Añota Sagardotegia dago eta, sagardoa, bai garai hartan, bai gaur egun, garrantzi handiko edaria izanik, bisita honetan sagardoaren lurra eta ekoizpena ikusi ahal izango dira", azaldu dute. 

Bisita gidatua irekia da, eta, beraz, nahi duen herritar oro hurbil daiteke bertara. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, eta, beraz, igandean Elosiagara gerturatzea nahikoa izango da. Han, parte-hartzaileek bost euro ordaindu beharko dituzte. Bisita gidatua 12:00etan hasiko da, eta Juan Bautista historialariak gidatuko du.

Ignaziotar Lurraldea izendapenaren barruan dauden Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeetako "harribitxiak" ezagutzeko sortu zuten programa da Ignaziotar Lurraldearen Ezkutuko Altxorrak. Hiru bailaretako garapen agentziek kudeatzen dute: Debagoieneko Mankomunitateak, Uggasak eta Iraurgi Berritzenek.