Apusturik gabe gelditu da Joseba Otaegi

Uztarria.eus 2018ko urr. 9a, 12:01
Joseba Otaegi irratsaio batean. (Tolosaldeko Ataria)

Joan zen ostiralerako jarri zion Otaegik zita Xabier Zalduari: Mendizabalen, 19:00etan. Baina ez zen agertu ez Zaldua, eta ez beste inor. Momentuz, apusturik ez du egingo Otaegik.

Ostiralean Mendizabal erretegian izan zen Joseba Otaegi zizurkildarra. Hain zuzen ere, Xabier Zaldua zumarragarrari –pentatloiaren irabazlea– botatako desafioa lotzeko asmoz izan zen bertan, baina hara ez zen agertu ez Zaldua, ez beste inor; eta etxera apusturik erdietsigabe itzuli zen Otaegi.

Pentatloiaren egunean, ETBren bidez bota zion erronka Zalduari: pentatloiko lan berbera egitea buruz buru. Zalduak, baina, argi esan zuen Berria egunkarian egindako elkarrizketan ez zela apustua negoziatzera agertuko: "Pentatloian lehiatu aurretik zurrumurruak baziren, eta emaztearekin hitz eginda nuen aurten behintzat Gabonak lasai pasatuko nituela. Urrezko Koparako izena eman dut, eta joango naiz. Gainera, ez diot zentzurik ikusten pentatloiko lan berak orain egiteari, agian aldaketa batzuk egin balitu...".

Pentatloiaren gauean bertan ere esan zuen Zalduak ez zuela erronkarik onartuko, eta gau hartako protagonistak proban parte hartu zuten bost kirolariak zirela; izan ere, Otaegik ez zuen pentatloian parte hartu Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketa prestatzen ari delako. Dena den, Otaegik mantendu egin zuen apustua lotzeko zita: 19:00etan, Mendizabalen. Baina Zalduak Berrian esanari eutsi zion, eta zen bertaratu.