Imanol Ituiño: "Ikusleek magoek baino gehiago sakralizatzen dute sekretua"

Urola Kostako Hitza 2018ko urr. 5a, 13:36
(Egoitz Lopategi)

Magiak hartuko du bihar Azpeitia, Txisteratik eguna izango baita herrian. Askotariko magia emanaldiak izango dira egun osoan zehar. Imanol Ituiñok ere parte hartuko du.

Bilbotarra izatez, etxekotzat dute Imanol Ituiño (1989) Txisteratik Egun Magikoaren antolatzaileeek. Hiru urteotan antolakuntza lantaldean parte hartu du; baita Gala Nagusian ere. Magoak uste du magia zaletasuna indartzen ari dela Azpeitian.

Txisteratiken antolaketa lantaldeko kidea zara. Nolatan batu zinen taldera?

Lehen urtean, kontaktuekin eta magoekin laguntzeko eskatu zidaten. Magook denok ezagutzen dugu elkar, eta halakoak egitea gustatzen zaidanez, animatu egin nintzen. Laguntzeko prest nago, pozik aritzen naiz.

Magia egun asko ez dira antolatzen Euskal Herrian, ezta?

Garai batean, Tolosan egiten zen Azpeitikoaren antzeko egitasmo bat. Gasteizen ere egiten da nazioarteko magia topaketa bat, baina ez dira asko gaur egun.

Gala Nagusia aurkeztuko duzu aurten ere. Nolakoa izango da?

Aurrekontuak ez zuen beste mago bat kontratatzeko aukerarik ematen, eta... [barrez]. Magia galetako aurkezlearen lana da magoak aurkeztea, eta tarte horietan jokoak egitea. Ni horretan ariko naiz. Asko gustatzen zaizkit ikuskizun horiek, estilo askotako magoak ikusteko aukera izaten delako.

Zer ikusi ahal izango da?

Ikusle guztiak mago bihurtzen saiatuko naiz ni dagozkidan tarteetan. Horrez gain, Lautaro magoa izango da agertokian, usoak desagerrarazten; Asier Kidam mago dotorea ere izango da emanaldian; Gonzalo Albiñana ere joango da itzalen saioa eskaintzera; eta Los Taps bikoteak ilusio handiak egingo ditu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.