Ikusgai dago gorroto delituen inguruko erakusketa Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2018ko urr. 3a, 18:43

Zabalik dago Gorroto delituei begirada orokorra izeneko erakusketa Emakumeen Txokoan. Egitasmoaren xedea da gorroto  delituen errealitatearen inguruko hausnarketa kolektiboa bultzatzea. Ikuspuntu orokor batetik, sexu eta genero aniztasunaren kolektiboan dituzten ondorioak aztertu eta kontzientzia garatzea du xede erakusketak. Bertan, zenbait datu eta grafiko jarri dituzte ikusgai, kontzientzian eragitea helburu. Emakumeen Txokoak eta Aldarte sexu askatasunerako ikerketa eta dokumentazio zentroak antolatu dute egitasmoa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatutako 'OSGI gorroto-delituei begirada orokorra' proiektuaren barruan.

Erakusketa ez ezik, gaia lantzeko tailer bat ere iritsiko da Emakumeen Txokora, Sexu-orientazio eta genero-identitateen ondorioz jazotzen diren gorroto delituei begirada orokorra izenburupean. Tailerra egun bakarrekoa izango da. Saioa urriaren 24an eskainiko dute, 18:00etan hasita. Tailer horretan, sexu, genero eta desira sisteman jarriko dute arreta parte-hartzaileek, eta arautik kanpo kokatzen diren pertsonek pairatzen dituzten indarkeriak izango dituzte mintzagai.