Loiolako gune berdeen mantenuaren hitzarmena berritu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko urr. 4a, 10:43

Loiolako zelaiak.

Loiolako berdeguneak eta lorategiak aldundiarenak dira, baina horien mantentze eta txukuntze lanez Udala arduratzen da 1984az geroztik. Hitzarmena "iraungita" zegoen Udalaren ustez, eta erakundeak lanok egiteko aldunditik jasoko duen zenbatekoa handiagoa izango da aurrerantzean.

Azpeitiko Udalak Loiolako berdeguneetan eta lorategietan mantenu lanak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duen hitzarmena berritu du. Atzoko udalbatzarrean aho batez onartu zuten akordioa EAJk eta EH Bilduk, eta, horrenbestez, aurrerantzean ere Udalak egingo ditu mantenu lan horiek. Dena den, erakundeak lanok egiteagatik jasoko duen zenbatekoa handiagoa izango da.

Loiolako lorategiak eta berdeguneak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira, Loiolako Santutegia bezalaxe, baina foru erakundeak Jesusen Lagundiari utzita dauzka horiek. 1984tik Udala arduratzen da Loiolako inguruen txukuntze eta mantentze lanez, baina orain "lorategi gehiago" dagoenez, erakundeak "iraungita" zegoen hitzarmena berritzea eskatu dio aldundiari. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, lanok egiteko aldunditik 26.000 euro jasotzen zituen Udalak orain arte, eta aurrerantzean 86.275 euro eskuratuko ditu. Gainera, inbertsio bereziak egin behar direnean, diru kopuru hori igotzeko klausula ere ezarri dute bi aldeek. "Halakorik gertatzen denean, Udalak lanen memoria aurkeztu beharko du, eta foru erakundeak hori onartzen badu egingo du ordainketa", esan du Bereziartuak.