'Black is beltza' eta 'Hotel Transilvania 3' filmak izango dira ikusgai asteburuan Soreasun

Uztarria.eus 2018ko urr. 4a, 10:23

Bukatu berri den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten Black is beltza filma izango da ikusgai asteburuan eta astelehenean, Soreasu antzokian. Fermin Muguruzak zuzendutako pelikularen hiru emanaldi izango dira datozen egunetan: zapatuan (22:00), igandean (19:30) eta astelehena (21:00). Muguruzak nobela grafiko batean oinarrituta osatu du 60 minutuko animaziozko filma. 

Honako hau dio pelikularen sinopsiak: "1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari ipar-amerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte-hartzea. Benetako gertaera horretatik abiatuta, Muguruzak, Canok eta Alderetek Manex Unanueren historia asmatu dute: erraldoi beltz horietako bat garraiatzeko ardura zuen fikziozko pertsonaia. Bere kideek agintarien erabakiari men egin izana deitoratuz, etxera ez itzultzea erabakiko du Manexek. Gazte honen begietatik izango dugu 1960ko hamarkadaren erdialdean gizartea errotik astindu zuten gertaeren berri".

Bestalde, Hotel Transilvania 3 pelikula ere izango da ikusgai igandean. Umeei zuzendutako saioa 16:30ean izango da, Soreasun. Honako lotura honetan eros daitezke film emanaldietarako sarrerak, baita Soreasuko leihatilan ere.