Larunbatean hasiko da Organo Erromantikoaren XIX. Zikloa

Uztarria.eus 2018ko urr. 2a, 15:37
Hiru udaletako ordezkariak eta zikloaren sustatzaileak.

Bederatzi kontzertu izango dira Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran asteburu honetan hasi eta urriaren 28a bitartean. Emanaldiak Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen parrokian, Loiolako basilikan eta Bergarako San Pedro parrokian izango dira.

Zapatuan hasiko da Organo Erromantikoaren XIX. Zikloa, eta urri osoan zehar organoari lotutako hainbat kontzertu izango dira Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran; izan ere, herri horietako udalek antolatzen dute zikloa, hainbat organo-jotzailek lagunduta. Horrenbestez, Azkoitiko Amabirjinaren Jasokundearen parrokiako (1898) eta Loiolako basilikako (1889) Cavaille-Coll eta Bergarako San Pedro parrokiako Lope Alberdi (1917) organoak prest daude hainbat bakarlari, musikari, talde eta abesbatza hartzeko.

Gaur egin dute aurkezpena Azpeitiko udaletxean, eta Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultur batzordeburuak azaldu duenez, zikloaren sustatzaileek "lan handia" egiten dute "ondarea zaintzeko eta bizirik mantentzeko". Haren arabera, nazioarteko zikloak "indarra" hartu du urtez urte, eta horregatik, herritarrei zikloaz gozatzeko gonbidapena egin die Labakak. "Herriko kultur jardueraren osagarri da zikloa, eta aberastu egiten du eskaintza". Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotziak ere ildo beretik hitz egin du, eta esan du zikloa baliagarria dela musika ondareari duen balioa emateko.

Esteban Elizondo organo-jotzaileak gogoratu du aurtengoa zikloaren XIX. edizioa dela, eta esan du hiru herrietan nazioartean garrantzitsuak diren organoak edukitzea dela zikloa egitearen arrazoia. "Erabiltzea da ondarea zaintzeko modurik onena, eta halaxe hasi ziren zikloa antolatzen duela hemeretzi urte", azaldu du musikariak.

Bi kontzertu berezi

Guztira bederatzi emanaldi izango dira datozen asteburuetan Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran, eta horietako bana aipatu dute Itziar Urbieta eta Jose Luis Frantzesena organo-jotzaile azpeitiarrek. Hain zuzen ere, Urbietak eta Frantzesenak emanaldi berezia eskainiko dute urriaren 14an Loiolako basilikan, K-Beat ahots taldearekin batera. Urbietak azaldu duenez, "urte osoa" ari dira kontzertua prestatzen. Haren arabera, zikloa oso garrantzitsua da organoa "zabaltzeko"; izan ere, urte osoan zehar mezetan-eta soilik entzuten dela adierazi du. Bi organo-jotzaileek K-Beat taldearekin eskainiko duten emanaldia "berezia" izango dela azaldu du, eta herritarrei bertaratzeko deia egin du Urbietak.

Frantzesenak ere hartu du hitza aurkezpenean, eta hark Bergarako eta Azpeitiko organo ikasleen emanaldiaren gaineko xehetasunak eman ditu. Emanaldian Arantxa Sagarzazu zestoarrak, Lorea Larrañaga bergararrak, Luisi Izagirre zarauztarrak, Elena Agirre azpeitiarrak, Leo Juaristi azkoitiarrak, Anaitz Lizartza azpeitiarrak eta Elena Laka eibartarrak parte hartuko dute. Horietako batzuk Frantzesenaren ikasleak dira, eta hark ikasle horiek organoa jotzeko duten "abilezia" azpimarratu du. "Kontzertua ederra eta atsegina izango da; edo hala izan dadin nahi dugu, behintzat".

Hemen egitaraua osorik:

  • Azpeitia 

Kontzertu ia Loiolako Basilikan izango dira, 20:00etan. Azkena, organo ikasleena, 19:00etan izango da.

Urriak 7, igandea. Stanislav Surin organo-jotzailea eta Helmut Hauskeller flauta-jotzailea.

Urriak 14, igandea. Jose Luis Frantzesena organo-jotzailea, Itziar Urbieta organo-jotzailea eta K-Beat ahots taldea.

Urriak 21, igandea: Duo Dulciame emanaldia eskainiko dute Kurt Lueders organo-jotzaileak eta Pascale Karampournis biolin-jotzailea.

Urriak 28, igandea. Organo ikasleen kontzertua.

  • Azkoitia

Kontzertu guztiak Amabirjinaren Jasokundearen Parrokian izango dira, 20:00etan.

Urriak 6, zapatua. Loreto Aramendi organo-jotzailea eta ARV-Vocem abesbatza.

Urriak 13, zapatua. Ana Belen Garcia organo-jotzailea, Gurutzeaga eskolako eta Donostiako musika eskolako abesbatza, Igor Arostegi perkusio-jotzailea, Lourdes Moratinos ahots etkniko abeslaria, Lucia Gomez mezzosopranoa eta Jose Javier Etxeberria zuzendaria.

Urriak 20, zapatua. Guilia Biagetti organo-jotzailea.

  • Bergara

Kontzertu guztiak San Pedro Parrokian izango dira, 19:00etan.

Urriak 6, zapatua. Stanislav Surin organo-joatzailea eta Helmut Hauskeller flauta-jotzailea.

Urriak 20, zapatua. Loreto Aramendi organo-jotzailea, ARV-Vocem abesbatza eta Pedro Miguel Aguinaga biolin-jotzailea.