Apustuak, tentazio eta adikzio

Gipuzkoako Hitza 2018ko ira. 28a, 12:29

Duela hamar urte, Eibarren zabaldu zuten Gipuzkoako lehen kirol-apustu etxea. Gaur, edonondik eta edonoiz egin daitezke apustuak. Ugaritu egin dira mendekotasun kasuak. Gipuzkoako Hitzak egindako erreportajea da honakoa.

Euskaldunak berezkoa du apusturako joera; frontoira, hipodromora edo plazara joan, eta sos batzuk jokatzeko tentazioari eutsi ezina. Baina inora bila joan gabe, tentazioa bera bada ondora datorrena? Hamar urte dira Gipuzkoan lehendabiziko apustu etxeak zabaldu zituztela. Kiroljokoa izan zen urratsa egiten aurrena, 2008ko abuztuaren 28an Eibarren aretoa zabalduta. Ordutik, eta krisiak krisi, etenik gabe hazi da merkatu hori. Iazko urtearen bukaeran, hamar apustu etxe zeuden Gipuzkoan, eta, horiez gain, apustuak egiteko 654 makina ere bai tabernetan eta ostalaritzako beste gune batzuetan.

Hiru enpresa lehiatzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako apustu etxeen merkatuan, Eusko Jaurlaritzak hiru lizentzia bakarrik eman zituelako: Aspek eta Egursportek eratutako Teleapostuak enpresa da bata, Kiroljokoa markarekin; Euskal Herriko txanpon makinetako ehun enpresa txiki eta ertainek sortutako EKASA Euskal Kirol Apustuak SA bestea, Reta markarekin; eta Erresuma Batuko William Hillek, Espainiako Coderek eta Euskal Herriko hainbat bazkidek osatutako Garaipen Victoria Apustuak azkena. Jarduteko lizentziarekin batera, 25na lokal zabaltzeko eta 750na makina ezartzeko baimena eman zien Eusko Jaurlaritzak. Hamar urte geroago, gehieneko kopurura iristear daude. Jon Agirre Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako ordezkariak joan den hilean adierazi zuenaren arabera, Garaipen Victoriak hurrengo lokala irekitzen duenean iritsiko dira ezarritako gehieneko mugara. "Beste 150 apustu makina jartzeko tartea gelditzen zaie oraindik, baina ezingo dute zabaldu beste aretorik. Bat itxi eta bestea ireki beharko lukete".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.