Ro musika taldeak 'Aikor' kantaren bideoklipa aurkeztu du

Uztarria.eus 2018ko ira. 27a, 13:50

Azkoitiko Matadeixen hasi zuen hegaldia Ro musika taldeak joan zen ekainean, eta orain lehen bideoklipa kaleratu du, Aikor abestiarena hain zuzen. Azpeitiko eta Azkoitiko bost musikarik osatzen dute Ro taldea: Iker Amenabar azpeitiarrak (baxua) eta Gorka Alcalde (gitarra), Josu Usobiaga (bateria), Iñigo Gonzalez (gitarra) eta Mikel Iraeta (sintetizatzaileak eta teklatua) azkoitiarrek. Bideoklipa Ainhoa Beristainek eta Aitor Pepok grabatu zuten, eta DJ Txarlo Ramirez arduratu zen argiztapenaz. Grabaketarako lokala Anakrosis musika taldeak utzi zion Ro taldeari, eta abestiaren produkzioa, grabaketak eta nahasketak taldekideek egin dituzte. Matadero Ekintzaken eta Charles Ramirezen laguntza izan du taldeak grabaketan, eta abestiaren masterizazioaz, aldiz, Cadizko Kadifornia Mastering estudioko Mario G. Albernik arduratu da.

Datozen asteetan hainbat kontzertu dituzte Ro taldeko kideek. Izan ere, urriaren 13an Andoaingo Gaztetxean ariko dira Azkoitiko Zizel musika taldearekin batera, azaroaren 17an Zestoako Gaztetxean joko dute Tooth eta Madelein taldeekin, eta abenduaren 8an Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko dira Toundra taldea lagun dutela.