Izena eman daiteke Azpeitian egingo den Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldian

Uztarria.eus 2018ko ira. 26a, 15:25
Josu Labaka, Paul Bilbao, GarbiƱe Mendizabal, Eneko Etxeberria eta Ane Sarasua. (UEU)

Lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte jardunaldian. Topaketa urriaren 10ean egingo dute, Sanagustin kulturgunean.

Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, Uemak, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte jardunaldian. Topaketa urriaren 10ean egingo dute, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, eta matrikula egiteko epea zabalik dago, www.ueu.eus helbidean.

Gaur aurkeztu dute jardunaldia Donostian, eta bertan izan dira Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Josu Labaka Uemako lehendakaria, Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusia.

Mendizabalek arnasguneak babesteak duen garrantzia nabarmendu du: "Arnasguneak euskara eguneroko bizimoduan erabiltzen duten herritarren guneak dira, eta horiek babesteak berebiziko garrantzia du euskararen biziberritze prozesuan; izan ere, oro har, arnasguneetan modu naturalean eta kolektiboan gertatzen da euskararen transmisioa eta bizirik dago hizkuntza". Jardunaldietan arnasguneen garapenean eragina duten gaiak landuko dituzte: arkitektura, garapen sozioekonomikoa eta kulturala, enpleguaren ikuspegia nahiz identitatearena… "Arnasguneen garapenak bere baitan dituen esparruak aintzat hartu eta esparru horiek hizkuntzarekin nola kudea daitezkeen aztertuko dute".

Bilbaok jardunaldiek orain arte egin duten ibilbidea izan du hizpide. Izan ere, jardunaldia antolatzen duten laugarren aldia da aurtengoa, eta haren arabera, "dinamika eredugarria" izan da, hainbat emaitza eman duelako.

Jardunaldiak euskaldunentzat duen garrantzia azpimarratu du Labakak: "Aurtengo jardunaldia udalerri euskaldunentzat giltzarria ez ezik, mugarria ere bada: urrats handi bat egitera goaz; izan ere, ez gara udalerri euskaldunen babesaz eta zaintzaz ariko, garapenaz baizik". Haren arabera, hizkuntza politika ez da euskara sailetik soilik egiten. "Beste sailetako erabaki askok egundoko eragina dute hizkuntzan eta, beraz, horiek guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da udalerri euskaldunen izaerari eusteko eta garapenaz hitz egiteko. Azken batean, udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra, eta horrek ildo berriak zabaltzea eta alor ugaritan ekitea eskatzen du. Guretzat, beraz, lehentasuna da horiek nabarmentzea eta lanerako ildoak zehaztea. Horretara dator jardunaldi hau".

Esnaolak adierazi du arnasguneek aldaketak egin behar dituztela, lurraldean gertatzen ari diren aldaketetara egokitzeko: "Jarduera ekonomikoen eta gune urbanoen berrantolaketa, mugikortasun fisiko handia eguneroko bizimoduan, herritar gazteenen galera, eskualdeko herritarrak hartzeko etxebizitza poligono berriak, gure ezaugarri soziokultural eta linguistikoak ezagutzen ez dituzten herritar berriak... Horrek guztiak arnasguneetan eragin nabarmena du".

Eneko Etxeberriak, berriz, azaldu du udalak lantzen dituen bi lan ildo lotzen dituela jardunaldiak: hizkuntza eta formazioa, hain zuzen ere: "Azpeitia herri euskalduna da oso, baina gure ardura da horrela izaten jarraitzeko neurriak hartzea, eta ziur ikastaroak lagungarri zaigun giltza edo pistaren bat emango digula. Elkarlanean osatutako ikastaro hau, euskaraz eta gurean izatea pauso garrantzitsua da".

Egitaraua

09:45-11:00. Hizkuntza korridoreak saioa.
Gidaria: Anartz Ormaza (Arkitektoa, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan Unibertsitate Aditua, UEU)
Ekologiaren begiradatik: Itsaso Olaizola (Ekogunea)
Arkitekturaren begiradatik: Iurdana Txintxurreta (Arkitektoa)

11:00-11:30. Atsedenaldia eta kafe etena.

11:30-13:00. Oreka eta garapen endogenoa saioa.
Gidaria: Nekane Altzelai (Ekonomilaria, Gaindegia)
Garapen sozioekonomikoa: Joseba Garmendia (EHU)
Oinarrizko zerbitzuen eskualde garapena: Xabier Bengoetxea (Hezkuntzako hizkuntza normalkuntza teknikari ohia)

13:00-13:30. Sanagustin kulturgunea eta Elikagunea esperientzien aurkezpena.

13:30-15:00. Bazkaria.

15:00-16:30. Kultura eta identitatea saioa.
Gidaria: Gari Goikoetxea (BERRIAko kazetaria)
Garapen soziokulturala: Xabier Aranbarri (Kulturaz kooperatibako gerentea)
Garapen sozioidentitarioa: Lorea Agirre (JAKIN aldizkariko zuzendaria)

16:30-18:00. Mahai ingurua: Tokiko garapena eta hizkuntza.
Gidaria: Imanol Esnaola (Gaindegiako koordinatzailea)
Genero eta lurralde desorekaren ikuspegitik: Miren Elgarresta (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Kulturgintzaren ikuspegitik: Xabier Amuriza (bertsolaria eta idazlea)

18:00-18:15. Ondorioen irakurketa.