Jon Gurrutxaga, Hernandorena bertso sariketaren finalera

Uztarria.eus 2018ko ira. 24a, 19:45

Hernandorena bertso sariketaren finalean izango da Jon Gurrutxaga bertsolaria. Joan zen ostiralean jokatu zen txapelketako bigarren kanporaketa Donapauleko (Nafarroa Beherea) Aldaka gaztetxean, eta aurreneko postuan sailkatuta eskuratu zuen finalerako txartela azpeitiarrak. Sei bertsolari aritu ziren kantuan ostiraleko kanporaketan, eta horrela sailkatu ziren: Jon Gurrutxaga, Txaber Altube, Ane Zuazubizkar, Sarai Robles, Irati Alcantarilla eta Jokin Bergara. Aurreneko bi postuetan sailkatu ziren bertsolariak, Gurrutxaga eta Altube, zuzenean sailkatu ziren urriaren 5ean jokatuko den finalera. Datorren ostiralean, irailaren 28an, jokatuko da Hernandorena sariketako hirugarren kanporaketa, Baigorriko Bixentainia elkartean.

Ostiraleko saioa irabazi izanak "harrituta" utzi zuen Gurrutxaga: "Sentipen nahasiak utzi zizkidan ostiraleko kanporaketak. Nahikoa txukun hasi nuen saioa, baina ondoren, nekez ari nintzela iruditu zitzaidan; bertsotan kostata ariko banintz bezala. Horregatik harritu ninduen saioa irabazteak. Beste aukera bat dut orain, eta kanporaketak utzitako arantza hori ateratzea gustatuko litzaidake".  

Iaz ere Hernandorena bertso txapelketako finalean izan zen Gurrutxaga. Orduko hartan, azpeitiarrak ez zuen txapela janzterik lortu. 

(Argazkia: Bertsularien Lagunak elkartea)