Euskal Herriko II. Metal Topaketak egingo dituzte Azpeitian urriaren 12tik 14ra

Uztarria.eus 2018ko ira. 24a, 14:01

Antolatzaileak, babesleak eta parte-hartzaile gazteak, ostiraleko aurkezpenean.

Duela lau urte bezala, Tuba Jaialdia barnean hartuko du MetalTopek. Hainbat ikastaro, saio eta kontzertu antolatu dituzte eta Spanish Brass taldea izango da gonbidatu nagusia.

Duela lau urte bezala, metalezko musika instrumentuen, musikarien, maisuen eta ikasleen topaleku bihurtuko da Azpeitia aurten ere. Urriaren 12tik 14ra, Euskal Herriko II. Metal Topaketak, MetalTop, egingo dituzte herrian. Tuba Jaialdiko lantaldea gidari dela, Azpeitiko Metal Boskoteak, Udalak eta Kulturaz kooperatibak antolatu dituzte jardunaldiok eta ostiral iluntzeamn aurkeztu zituzten, Bandaren Soreasuko egoitzan.

"Topaketa hauetan zerbait nabarmendu behar badugu, bertan bilduko den kalitatea da. Programa oso aberatsa osatu ahal izan dugu. Hori dela eta, musikariei eta ikusleei dei berezi bat egin nahi diegu, etor daitezen emango diren ikastaro eta kontzertuetara. Denetik izango da eta prezio erosoetan. Eta kontzertu gehienak doan izango dira", adierazi zuen aurkezpenean Agustin Jimenez Tuba Jaialdiaren lantaldeko eta Metal Boskotearen kideak. MetalTopen antolakuntzan kide dituen Juan Carlos Ribelles Donostiako kontserbatorioko tuba irakaslea eta Tuba Jaialdiaren zuzendari artistikoa, Ibai Pastor tuba irakaslea, Izaskun Ocon tuba eta klarinete irakaslea, eta Beñat Etxabe Musikeneko ikaslea izan zituen ondoan Jimenezek. 2010etik urtero landu izan dituzten tubaz eta bonbardinoaz gain, metalezko eta haizezko gainontzeko instrumenruak lantzeko plaza eskaini nahi dute Metal Top jardunaldietan, "musika bandetan eta gizartean badagoelako horiek lantzeko beharra", Jimenezen esanetan.

Horiei eta topaketei babesa agertzeko aurkezpenean izan ziren, era berean, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura zuzendaria eta Josu Labaka Azpeitiko Udalaren Kultura zinegotzia. Biek eskertu, aitortu eta zoriondu zuten antolatzaileen lana. Jimenezek, bere aldetik, erakundeen eta gainerako babesleen laguntza eskertu zuen, bereziki Azpeitiko Udalarena: "Izan ere, diruz laguntzeaz gain, urtez urte azpiegitura hobeak baititugu eta etorkizunean, Soreasuko Sormen Guneko obren amaierarekin, oraindik eta aukera hobeak izango ditugu musika eta kultur ekintzak behar bezala garatzeko".

Ikastaroak eta kontzertuak nagusi

Urriaren 12an, musikari gazteei zuzendutako ikastaro bat emango dute goiz eta arratsaldez, eta ikastaro horretan landutakoekin kontzertua eskainiko dute 18:00etan Sanagustin kulturgunean; ikastaroan izena emateko 30 euro ordaindu behar dira, eta prezio horren barruan sartuko dira bazkaria, topaketetako kamiseta eta hurrengo egunean Spanish Brass taldeak emango duen kontzerturako sarrera. Lehen egun horretan beste kontzertu bat ere izango da: MetalTopek eta Iraurgi Saskibaloiaren garagardo festak bat egingo dute, 22:00etatik aurrera Tuba Jaialdiko antolakuntzako kideek eta MetalTopera etorriko diren zenbait maisuk Azoka Plazan emango duten Tuba Polka kontzertuan.

Urriaren 13a, zapatua, izango da metal topaketen "egunik mamitsuena". Goizeko 10:00etatik aurrera, musikari afizionatuek eta ikasleek bi masterclass izango dituzte aukeran, Pablo Fernandez eta David Muñoz maisuen eskutik. Egun hori izango da, era berean, aurten MetalTopen barruan egingo den Tuba Jaialdiaren eguna ere; 14:00etan, plazako kioskoan izango da Tuba Jaialdiaren kontzertua, eta hori prestatzeko bi entsegu saio egingo dituzte goizean zehar.

Beste bi masterclass ere izango dira urriaren 13an, Spanish Brass taldeko kideek emango dituztenak. 30 urteko ibilbidea bete duen musika talde hori izango da, hain zuzen ere, II. MetalTopen gonbidatu nagusia. Masterclassak ez ezik, kontzertua emango dute zapatu iluntzean Soreasun, 20:00etan. Sarrera ordaindu beharreko kontzertu bakarra izango da Spanish Brassena, 12 euro; sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean. Spanish Brassekoek emango dituzten masterclassetanm parte hartu nahi dutenek, berriz, 50 euro ordaindu beharko dute; horiek ere bazkaria, topaketetako kamiseta eta kontzerturako sarrera jasoko dituzte trukean.

Igandean, urriak 14, Spanish Tuba Quartet taldeak Sanagustinen emango duen kontzertuarekin amaituko dira Euskal Herriko II. Metal Topaketak.

Izen-emateak

MetalTopen barruan egingo diren ikastaroetan eta masterclassetan izena eman nahi dutenek, lotura honetan egin dezakete, edo tubajaialdia@gmail.com helbidera idatzita.