'Käffka' antzezlana sostengatzeko, 'matchfunding' kanpaina hasi du Kamikaz Kolektiboak

Uztarria.eus 2018ko ira. 20a, 19:04

12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako antzezlana da Käffka, eta lesbianismoa ikusgarri egitea du xede. Kanpainaren bidez, 8.250 euro lortu nahi ditu taldeak.

Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualean elkartearen enkarguz, Käffka antzezlana sortzen ari da Kamikaz Kolektiboa. Erika Olaizola aktore azpeitiarra da taldeko kidetako bat, Amancay Gaztañaga eta Miren Gaztañagarekin batera, eta obra aurrera eraman ahal izateko, matchfunding kanpaina hasi dute.

12 eta 17 urte bitarteko nerabeei eta haiekin bizi diren helduei zuzendutako obra da Käffka, eta lesbianismoa eta sexu askatasuna ikusgarri egitea du helburu. Dagoeneko idatzi dute testua, eta urriaren 10ean izango da lanaren aurrestreinaldia, Errenterian (Gipuzkoa). Ia ordubete iraungo du antzezlanak, eta Iraia Elias, Mikel Ibarguren, Edurne Azkarate, Amaia Irazabal eta Oier Guillan aktoreek osatzen dute lantaldea.

Obra aurrera eraman ahal izateko, taldeak 8.250 euro lortu nahi ditu abian jarri duten kanpainaren bidez. Adierazi dutenez, egiten den ekarpena “txikia” izanda ere, “laguntza handia” izango da taldearentzat. Ekarpen ekonomikoa egiten dutenek, berriz, Errenteriako aurrestreinaldira joan ahal izango dute trukean.

Proiektuari lagundu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi duenak, hemen egin dezake.