Konponketa lanak egiten ari dira Madalenako ermitan, "ondare historikoa babesteko"

Uztarria.eus 2018ko ira. 18a, 18:38

Azpeitiko Udalak Madalena auzoko ermitaren ondoko bi eraikin –Udalak aurrez erositakoak– bota zituen iaz, "herriko ondare historikoa babesteko". Izan ere, Madalenako ermitari atxikita zeuden eraikinen egoera okertzen ari zen, eta kalteak eragin zitzaketen ermitan. Horma bakar batez zeuden banatuta eraitsitako etxeak eta Madalenako ermita. Baseliza eraikin historikoa izanik, ondoko eraikinen eraiste lanak "kontu handiz" egin behar izan zituzten. Obrak haiek "tentuz" egin bazituzten ere, zenbait kalte eragin zituzten baselizan, eta horiek konpontzen ari da Udala azken asteotan. Hain zuzen, ermitaren alboetako aupegiak eta teilatuaren ertzak konponduko dituzte. Orotara, 55.767 euroko aurrekontua izango dute konponketa lanek. 

Aitor Bereziartua Hirigintza zinegitziaren hitzetan, herriko ondare historikoa babesteko neurriak izan dira Udalak hartu dituenak: "Etxebizitza horiek eraitsita, Azpeitiko ondare historikoa babestearen aldeko neurriak hartu ditugu. Gainera, Madalena auzoari balioa emateko eta ingurua txukuntzeko neurriak hartzen ari gara". 

Madalenako ermita kultur ondare izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2006an.