Azpeitian egingo dituzte Uemaren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak, urriaren 10ean

Uztarria.eus 2018ko ira. 17a, 14:37

Prebentzioaren ikuspegitik, lurgune euskaldunen eta arnasguneen "garapen iraunkorra" bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte datozen jardunaldietan. Izena urriaren 5era baino lehen eman daiteke, 20 eurotan.

Uemak Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak antolatu ditu laugarren urtez, eta urriaren 10ean euskararen arnasguneek hizkuntzaren garapenean zer eragin duten hausnartuko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Arnasguneen garapenaren alderdi sozioekonomikoa, soziokultura eta sozioekologikoa, eta horien arteko elkarreragintza jorratuko dute jardunaldietan, eta arnasguneen garapen "integral eta orekatua" lortzeko gogoetarako marko bat ezartzeko asmoa dute. Mankomunitatearen arabera, orain arteko jardunaldietatik ateratako ondorioek hala bultzatuta joko dute aurten arnasguneetara, eta prepentzioaren ikuspegitik beste urrats bat egingo dutela adierazi dute. Hain zuzen ere, lurgune euskaldunen eta arnasguneen "garapen iraunkorra" bermatzeko oinarriak proposatuko dituzte datozen jardunaldietan. "Mendekotasun egoeran dago euskara, eta arnasguneak behar ditu, egungoari eusteko. Baina horrez gain, arnasguneak beharrezkoak dira, euskarak esparru berriak irabazteko ere", esan du Uemak.

Urriaren 10ean, hamar orduko jardunaldi presentziala egingo dute. 08:30etik 18:30era bitartean, hitzaldiak, mahai-inguruak eta aurkezpenak izango dira Sanagustinen, eta interesa dutenek urriaren 5era arte eman beharko dute izena, 20 eurotan.

Mankomunitateak 2014an hasi zituen Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak, eta orduan lurralde antolakuntzaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremanean sakondu zuten. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egiteko beharra ikusi zuten orduan, eta hain zuzen ere, tresna horren lehen bertsioa aurkeztu zuten hurrengo urteko jardunaldietan. Hirugarren edizioan, berriz, ELEren oraina eta etorkizuna irudikatu eta hainbat esperientzia plazaratu zuten. "Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien hiru edizioek erakutsi dute hizkuntza-politika egin egiten dela politika publiko guztietan, eta politika publiko guztiek badutela eraginik euskararen normalizazio prozesuan; kasu askotan, eragin kaltegarriak, gainera. Eragin hori bereziki nabaria da arnasgune euskaldunetan (euskararen lurgune geografikoak), euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi diren herriak eta auzoak izanik, politika publikoak ezartzen baitira horietan, kontuan izan gabe euskararen erabileran duten inpaktua eta, oro har, ezta hizkuntza kudeaketa ere". Hori hala, erakundeek hizkuntza prebentzioaren ikuspegia txertatzeko beharra dutela azpimarratu du mankomunitateak, haien politikek "euskaldunen euskarazko gizarte bizitzan eta kultur garapenean" kalterik eragin ez diezaien.

Jardunaldien xehetasun guztiak hemen ikus daitezke.