Andoni Bastarrika: "Natura maisu gogorra da, eta gauzak ondo egiten erakusten dizu"

Berria 2018ko ira. 7a, 17:39

Bere eskuez, makilatxo baten eta luma baten laguntzaz, bizia sortzen du Andoni Bastarrikak, hondar masa bat animalia "ia erreal" bat bihurtzeko. "Dohain bat" dauka, eta munduarekin partekatu nahi du. Berria egunkariak elkarrizketa egin dio azpeitiarrari.

Bizia sortzen duen mago bat da Andoni Bastarrika (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970), bere eskuekin, eta makilatxo baten eta luma baten laguntzaz, hondarrezko animaliak sortzeko gai baita. "Zarauzko [Gipuzkoa] malekoian hondarrarekin egindako animaliak ikustean, jendeak badaki ez direla benetakoak, baina ilusio bat sortzen dute, magiarekin gertatzen den bezala". Autodidakta den arren, natura du maisu. Berria egunkariak elkarrizketa egin dio azpeitiarrari.

Eskultorea zara. Zergatik aukeratu zenuen hondarra material gisa?

Duela zortzi urte hasi zen dena. Haurrekin hondartzan jolasean nenbilela, sirena bat irudikatu nuen hondarrarekin, eta zerbait aurkitu nuen nire barruan, erraztasun bat. Dohain bat dudala igarri nuen, eta garatuz joan naiz. Nire prozesuan, maisua natura da. Oso maisu gogorra da, eta sentibera izan behar duzu berarekin. Gauzak ondo egiten irakasten dizu: gaizki eginda badaude, erori egiten dira. Niri asko balio izan dit.

Dohain bat duzu, beraz?

Dohain bat daukat, jende ugariri gustatuko zaiola badakidana, baina jende horrengana iristea da zaila. Zuk zure barruan zerbait aurkitu baduzu, zuk zerbait egiteko gaitasuna baduzu, hori garatu egin behar duzu. Zure zeregina hori munduarekin partekatzea da. Momentu larriak pasa ditzakezu, baina ikasketaren parte da. Ni unean-unean bizi naiz.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkariaren atarian.