Leku faltak etengo du 25 urtez iraun duen ohitura

Uztarria.eus | Kirolak
2018ko ira. 7a, 14:16

Futbolean jolasteko zaletasunak elkartuta, Udal Kiroldegian futbito partidak jokatzen hasi zen lagun kuadrilla bat duela 25 urte. "Kirola egitea eta izerdi pixka bat ateratzea" zen haien asmoa, "lagunartean kirolaz gozatzea", alegia. 25 urte igaro badira ere, bizirik jarraitzen du astearteetako taldeak, etenik gabeko soka izan baita futbitoak lotu zuena. Orain, baina, beren aterpe eta elkargune izan den kiroldegia utzi beharko dute, Kirol Patronatuak hala eskatu baitie. Txiki gelditu da kiroldegia bertako erabiltzaileentzat.

Futbito taldeko zenbait lagun iaz, ikasturte amaieran zelai artifizialean egiten duten partidan.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gaur egun hamabost lagun inguru elkartzen da kiroldegian futbitoan jokatzeko, irailetik apirila aldera arte. Astean behin, asteartez, ordu eta erdi inguruko partida jokatzen dute, kiroldegiko kantxan. Taldeko kideek azaldu dutenez, azken urteetan "nahikoa borroka" izan dute lekua dela eta, kiroldegiko erabiltzaile kopuruak gora egin baitu: "Hasiera batean ez genuen arazorik lekuarekin, eta kantxa osoan jokatzen genituen partidak. Urteak aurrera, saskibaloiko eta gimnastika erritmikako haurren entrenamenduak zirela eta, kantxaren hiru laurden uzten zizkiguten partida jokatzeko. Dirudienez, aurten haur gehiagok eman du izena gimnastika erritmikan, eta Kirol Patronatuak federatutako taldeei lehentasuna ematen dienez, gu tokirik gabe gelditu gara". Futbitoan ibiltzen diren lagunek desadostasuna agertu dute erabaki horren aurrean: "Federatutako talde bat ez garenez eta beste taldeen kontra lehiatzen ez dugunez, ez gaituzte aintzat hartzen. Kirol Patronatuko bazkideak gara, ordea, eta patronatuak eskaintzen dituen zerbitzuengatik ordaintzen dugu urteko kuota. Kirola egitea luxu bihurtuko da laster". 

Gaiaz hitz egiteko eta Kirol Patronatuaren erabakiaren aurrean beren jarrera zein den azaltzeko, Udalarekin harremanetan jarri direla azaldu dute taldeko kideek. Haiek esan dutenez, "beste alternatiba batzuk" eskaini dizkie Udalak, futbol zelai artifiziala kasu. Alternatiba horiek beraien beharrak betetzen ez dituztela diote, ordea. 

Kirol Patronatuak federatutako klubei lehentasuna ematen diela jakitun, lagun taldeko kideek mahai gainean jarri dituzte futbitoko taldea federatzeko aukerak: "Lekua bermatzea da nahi duguna, eta gutako batzuek taldea federatzeko interesa agertu dute. Informatzen aritu dira, eta ikusiko dugu ea zer ateratzen den".  

Futbitoaren bueltan elkartzen diren lagunentzat "pena handia" da horrenbeste urtez iraun duen ohitura "horrela" galtzea: "25 urte hauetan 200 lagun baino gehiago elkartu dituzte astearteetako futbito partidek. Gazte zein heldu animatzen gara futbolean ibiltzera, afizioz kirola egiteko. Gainera, taldea irekia da, nahi duen oro hurbil daiteke, eta horrek ere aberasgarri egiten du taldea. Urteetan zehar, giro eta lagunarte ederra sortu du hitzorduak, eta hori kentzeak pena handia ematen du". 

Irizpideak irizpide

Kirol Patronatuak erabaki hori hartzeko zenbait irizpide kontuan hartu dituela azaldu du Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak: "Herritar guztientzat kirol azpiegiturak bermatzen saiatzen gara, baina lehentasunak zehazterakoan bi irizpide ditugu. Bere garaian erabaki bezala, federatutako taldeek dute kiroldegia erabiltzeko lehentasuna. Horrez gain, kontuan izaten dugu erabiltzaileen kopurua; hau da, taldeetan ibiltzen den kideen kopurua". Era berean, kirol kluben beharrak kontuan hartu behar direla esan du Elduaienek. Izan ere, Kirol batzordeburuaren hitzetan, "saskibaloian eta gimnastika erritmikan aritzen diren pertsonek kiroldegian bakarrik entrena dezakete". 

Leku falta ikusita, futbitoan aritzen den taldeari beste zenbait aukera eskaini dizkietela azpimarratu du Elduaienek, hala nola belar artifizialeko zelaia edo ikastetxeetako jolaslekuak. Haien beharrei erantzun ezin izana "asko sentitzen" dutela adierazi du Elduaienek, baina irizpideak eta lehentasunak zehaztuta daudela azaldu du. 

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Gabiriko Pablo | 2018-09-07 : 17:15

Manifestazioa ta plomoa

hauhalaxedek | 2018-09-07 : 17:59

Haber ulertu deten....ez dao tokirik, baƱo federau eskero bai?nola entenditzen da hori...

Betikue | 2018-09-07 : 19:50

Lotsaik ez udalak/udal patronatoak...Ez daola tokik? faborez!!!

Irruti | 2018-09-08 : 11:41

beti bezela, udalaren erantzuna arauen aurrean ; zentitzen deu baine ez da pozible.
noiz aziko da udala herritarrek ditun arauei aurre egiten ta beingoz lanean!!!!
ez edo ezin da ezanez bukatzen dute beti

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu