Erika Olaizola, Koldo Almandozen 'Oreina' filmeko aktoreen artean

Uztarria.eus 2018ko ira. 5a, 11:03
Erika Olaizola, 'Oreina' filmaren fotograma batean. (Txintxua Films)

Hezurmamitu duen pertsonaia "txikia" izanda ere, filmean parte hartzea "opari ederra" izan dela azpimarratu du aktore azpeitiarrak. Donostiako 66. Zinemaldian estreinatuko dute lana, Zuzendari Berriak sailean.

Ez da ohikoa Erika Olaizola aktorea (Azpeitia, 1989) zinema aretoetako pantaila handian ikustea, baina ez da gauza berria ere. Izan ere, duela bost urte Los tontos y los estupidos filmean probatu zuen esperientzia errepikatu du azpeitiarrak, eta film luze batean parte hartu du bigarren aldiz. Oraingoan, Koldo Almandozen zuzendaritzapean egin du, eta Oreina filmean "pertsonaia txiki" bat antzeztu du.

Joanaren rola hartu du Olaizolak Oreina filmean. Gasolindegi batean lan egiten duen gizonezko baten alaba da Joana, eta berak ere han egiten du lan. Aktorearen arabera, bigarren mallako pertsonaia da filmean antzezten duena, baina hango lantaldeko kide izatea "oparia" izan dela azpimarratu du: "Koldo [Almandoz] jarri zen nirekin harremanetan, Francoren bilobari gutuna antzezlanean ikusi ninduenean. Filmean Joanaren pertsonaia antzeztu nezan nahi zuen, eta hasieratik eroso sentitu naiz. Polita izan da prozesua. Orain arte antzerki munduan lan gehiago egin dut, baina pelikula batean parte hartzeko aukera edukitzea opari ederra izan da, egin dudan papera txikia izanda ere".

Iazko irailean grabatu zuten filma, eta hil honetan ikusiko du argia lanak. Hain zuzen ere, Donostiako 66. Zinemaldian estreinatuko dute, eta Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da. Olaizolak aitortu du "ilusioa" eragiten diola filma Zinemaldian aurkezteak, baina hark dio filmak pertsonalki eragin diona "hortik haratago" doala. 

Käffka antzezlana sortzen

Oreina filmaz gain, Olaizolak badu beste hainbat proiektu esku artean. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualean elkartearen enkarguz, Käffka antzezlanaren sortze prozesuan buru-belarri dabil azpeitiarra. Izan ere, Olaizolak, Amancay Gaztañagak eta Miren Gaztañagak osatzen duten Kamikaz kolektiboa ari da Gehituren proiektua mamitzen. Nerabeei zuzendutako obra izango da Käffka, eta lesbianismoa ikusgarri egitea du helburu proiektuak. Taldea sormen egonaldia egiten ari dira egunotan Soreasu antzokian, eta azpeitiarrak adierazi duenez, dagoeneko idatzi dute testua. Urriaren 10ean izango da lanaren aurrestreinaldia, Errenterian (Gipuzkoa).