Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldearen futbol partidak Internetez ikusteko aukera izango da aurrerantzean

Uztarria.eus 2018ko abu. 31a, 14:26
Lagun Onakek eta Real Unionek denboraldi aurrean jokatutako partidako irudia. (Otola)

Partidak Internetez ikusi nahi dituztenek 2,99 euro ordaindu beharko dute norgehiagoka bakoitzeko. Garmendipen jokatutako partidak soilik emango dituzte sarean. Lagun Onakek Bermeo hartuko du bihar Garmendipen, 18:00etan hasita. 

Berrikuntzekin dator Lagun Onak futbol taldea. Bihartik aurrera, Internetez zuzenean ikusi ahal izango dira Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak etxean jokatutako futbol partidak, footters.com atarian. Azpeitiko taldearen partidak Internetez ikusi nahi dituztenek norgehiagoka bakoitzeko 2,99 euro ordaindu beharko dute. Internet bidezko emankizuna norgehiagoka baino 10 minutu lehenago hasiko da.

Bihar, zapatua, emango dute aurreneko partida Internetez. Lagun Onakek Bermeo izango du parez pare biharkoan Garmendipen. Norgehiagoka 18:00etan hasiko da, eta klubak dei egin die herritarrei Garmendipera bertara daitezen.

Uztailaren 19an hasi ziren jokalariak sasoi berria prestatzen, eta joan zen astean ekin zioten 2018-2019 denboraldiari. Azpeitiko taldea Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoan ari da lehiatzen. Denboraldiko lehen partidan Amurrioren kontra neurtu zituzten indarrak Igor San Miguelen mutilek, eta ezin izan zuten markagailuan nagusitu (1-0). Bihar denboraldiko lehen hiru puntuen bila irtengo da Lagun Onak Garmendipera.