Eneko Iglesias: "DJ munduan arrakasta izateko garrantzitsua da kontaktu onak izatea eta zerbait berria sortzea"

Uztarria.eus 2018ko abu. 31a, 11:07
Eneko Iglesias DJa. (Maialen Etxaniz)

Azkoitiko Txalintxo tabernan 200. DJ festa ospatuko dute bihar, 18:00etan hasita. Guztira, 25 disko jartzaile ariko dira Txalintxo girotzen goizaldera bitartean, eta horien artean da Eneko Iglesias (Azpeitia, 1998) DJa. Festaren atarian, musika elektronikoaren inguruko zaletasunaz, bere bizipenez eta aurrera begirako asmoez mintzatu da Enesound.

Eskualdean maratoi elektroniko bat antolatzen den aurreneko aldia al da larunbatekoa? 

Formatu honetan antolatzen den aurreneko hitzordua dela uste dut, bai. Dena den, DJ jaialdietan ohikoa izaten da disko jartzaile asko egotea kartelean. Ibizatik [Herrialde Katalanak] iritsi berri naiz, eta han ere horrela izaten da. Kopuru handia da 25, ordea, eta ez da ohikoa horrenbeste laguneko eta horrenbeste orduko jaia antolatzea inguru hauetan.  

Zein formatu izango du larunbateko festak?

Arratsaldean hasiko da hitzordua, 18:00etan, eta goizaldera arte luzatuko da. Antolatzaileek 06:30 aldera amaitzea aurreikusten dute. DJ bakoitzak ordu erdiz jarriko du musika, eta behin denbora hori igarotakoan, beste lagun bat jarriko da mahaian. Datorren zapatuko jaia Txalintxon egingo den 200. DJ festa izango da, eta horregatik antolatu dute. Hitzorduaren helburua da Txalintxo tabernatik pasatu diren ia DJ guztiak elkartzea  eta musika elektronikoaren bueltako giro hori sortzea.

DJ asko elkartuko zarete bertan. Ezagutzen al dituzu? Nondik datoz?

Guztiekin edo gehienekin egon naiz aurrez musika jartzen. Zapatuan musika jarriko duten lagun gehienak Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak izango dira. Esaterako, Azkoitikoak, Azpeitikoak, Elgoibarrekoak, Zumarragakoak, Ondarroakoak...

Gogotsu al zaude?

Ia festa guztietara joaten naiz gogoz; batzuetara besteetara baino gogo gutxiagorekin... Larunbatekoa festa berezia da. Txalintxoren 200. DJ festa izanik, giro ona egongo dela pentsatzen dut. Pena da musika ordu erdiz soilik jartzea, baina, tira... 

Badago musika elektronikoaren bueltako zaletasunik Azpeitia inguruan...

DJ kopuruak gora egin du, eta teknologiak eragina izan du horretan. Urteak atzera egin, eta gaur egungo egoerarekin alderatuz gero, orain askoz errazagoa da disko jartzailea izatea, teknologian izan diren aurrerapenengatik, batez ere. Lehen biniloekin jartzen zuten musika DJ guztiek, eta orain, askoz ere errazagoa da. Nik neuk ere ez nuen biniloa ezagutu, pentsa. Gaur egun, zenbait DJ ordenagailuarekin soilik joaten da musika jartzera. Horrelakoetan pentsatzen duzu zure barnerako: "Horri DJa deitu ahal dakioke?".

Garai batean Lokotx zen DJ gazteen Azpeitiko lehen plaza. Gaur egun, Txalintxok hartu al du haren lekukoa?

Gu Lokotxeko jendearekin hasi ginen pintxatzen. Josu Aizpuru [Jos_u] lagunak eta nik han jarri genuen musika aurrenekoz, zapatu gau batean. Garai haietan –badira urte batzuk... – orain baino gutxiago ginen DJ modura aritu nahi genuen gazteak. Gustura ibiltzen ginen Lokotxen... Hura itxi zutenean, Txalintxok hartu zuen erreferentzialtasuna, eta Azkoitira joaten hasi ginen. Txalintxo pintxatzeko leku mundiala da. Izan ere, musika jartzeko material guztia han dago, eta hori oso erosoa da guretzat. 

Lehen musika taldeak ziren nagusi. Orain badirudi DJ izatea dagoela modan... 

Uste dut kontzertuak antolatzea baino errazagoa dela DJ festa antolatzea. Izan ere, DJ jaia azkar muntatzen da. Kontzertuek, aldiz, lan gehiago eskatzen dute. Taldeko kideek musika ekipo handiagoa behar izaten dute... Musikarena moda kontua izaten da; batzuetan rocka, besteetan elektronika...

Zein da musika jartzeko gehien atsegin duzun lekua?

Erosotasunagatik eta soinuak duen kalitateagatik, Txalintxo. 

Aurrena Lokotx itxi zuten, eta ondoren, Inox. DJ zaretenok sumatzen al duzue Azpeitiko taberna horien hutsunea?

Egia esan, bai. Bere alde onak ere baditu Inox itxi izanak; orain lehenago joaten gara etxera [barrez]. Berezia zen Inox. Han etxe giroa zegoen. Azkena zabaldutako lokala txikia bazen ere, giro ona egoten zen zapaturo. Gainera, parrandara ez ezik, askotan musika entzutera joaten nintzen hara.

Egia da hemen ez dagoela musika elektronikoa kultura modura hartuta. Jendeak beti parrandarekin eta desfasearekin lotzen du. Beste zenbait lekutan badago beste joera bat. Berlinen esaterako, edozein ordutan joan zaitezke nonbaitera arratsaldea pasatzera eta musika elektronikoa entzutera. 

Nola gogoratzen dituzu aurreneko urteak? 

Eskolatik irtetean, garajera joaten ginen Josu eta biok. Hura zen benetako eskola! [barreak]. Josuk erosi zuen musika ekipoa aurrena, eta harekin batera aritzen nintzen ni. Orduak sartuz, ikasten joan ginen pixkanaka, eta orduan erosi nuen neure ekipoa. Orain ez naiz sarri aritzen musika jartzen etxean. Lehen, eskolatik iristean, deskonektatzeko jartzen nuen musika. Gaur egun, denbora gutxiago ematen dut horretan. 

Zein lekutan izan zara musika jartzen?

Euskal Herriko leku dezentetan, egia esan. Hala ere, Alegia aipatu nahi nuke. Festa kuttuna dut Alegikoa; oso ona izaten da, eta gogoz joaten naiz urtero. Gaztetxean antolatzen dute jaia, eta oso ondo prestatzen dute dena. Giro bikaina sortzen da, eta han ere DJ mordoxka elkartzen gara. 

DJen harrobirik ba al dago Azpeitian?

Bai, bai. Indartsu datoz gazteak. 

Neskak, aldiz, gutxi ikusten dira.

Askotan saiatu izan naiz neskak animatzen DJ mundura. Hemendik ere berriro zabalduko dut mezua: norbaitek musika jartzen ikasi nahi badu edo zalantzak baditu, etor dadila lasai; hemen gaude erantzuteko. Inguruotan badaude musika elektronikoa atsegin duten neskak, eta pentsatzen dut lotsagatik ez direla animatzen musika jartzera. Euskal Herritik kanpora emakumezko gehiago ikusten da DJ lanetan. 

Zer behar du DJ batek arrakasta izateko? 

Kontaktu onak izatea eta zerbait berria sortzea ezinbestekoa da.

Zein dira zure erreferente musikalak?

Batzuk aipatzeko: Oliver Huntemann, Eric Price, gazteagoa nintzela Dr. Lektroluv...

Non antolatuko duzue hurrengo festa?

Azpeitiko Gaztetxean festa bat antolatu nahi nuke. Aurretik ere egin genuen txiki bat, baina orain zerbait handiagoa egin nahi nuke, DJ gehiagorekin eta... Gauean hasi eta goizaldera arte luzatzea da asmoa. Gainera, orain bozgorailu hobeak jarri dituzte Gaztetxean, eta horiek erabiltzeko aukera izanez gero... Asmoak aurrera jarraitzen badu, data aurreratu ahala jakinaraziko ditugu xehetasunak.