Eguraldi kaskarrak ez ditu oztopatu Goikokaleko San Agustin jaiak

Uztarria.eus 2018ko abu. 25a, 15:41

Atzo, ostirala, hasi zituzten Goikokaleko San Agustin festak, dardo txapelketarekin. Hainbat lagunek parte hartu zuen Fideo de Mileto tabernan egindako lehian, eta sariak ere eskuratu zituzten ondoen moldatu zirenek. Jaietako txupinazoa gaur goizean bota dute, eta, ondoren, zezen txikiez eta poniez gozatu ahal izan dute gaztetxoek eta ez hain gaztetxoek plazan. Mokadutxoa egiteko aukera ere izan dute hala nahi zutenek Goikokaleko plazatxoan. Zozketa ere egin dute, eta produktuz betetako otarrearen txartel sarituak 57.150, 58.150, 59.150 eta 60.150 zenbakiak ditu. Landeta jatetxean bi lagunentzat afariari dagokion txartelaren zenbakiak, berriz, honako hauek dira: 57.344, 58.344, 59.344 eta 60.344.

Jaiak arratsaldean segitu du; izan ere, III. Mus Txapelketa egin dute 15:30ean hasita hemezortzi bikotek, Sanagustin kulturgunean. 17:00etan umeentzat jolasak eta txokolatada izan dira, eta 20:30ean hasita, parrillada egin dute Goikokaleko plazan.

Asteartean, San Agustin egunean, izango dira aurtengo festetako azken ekintzak. Hain zuzen ere, ardo dastaketa eta bazkaria egingo dituzte egun horretan.

Hona hemen gaur eguerdiko irudi bilduma: