Xabier Gantzarain: "Arteak balio du gauzen ordena naturala hankaz gora jartzeko"

Uztarria.eus 2018ko abu. 20a, 14:50
Xabier Gantzarain 'Zuloa' liburua eskuetan. (Julene Frantzesena)

Kultur arloan ibilbide luze eta oparoa du azkoitiarrak, eta patxadaz hitz egin du kaleratu berri duen Zuloa liburuaz. Badu hizketarako gairik Azpeitiko bizilagunak eta Kultur Mahaiko teknikariak. Julene Frantzesena kazetariak elkarrizketa luzea egin dio Gantzaraini, abuztuko Uztarria aldizkarirako.

Kulturarekin eta artearekin estu lotuta bizi da Xabier Gantzarain. Proiekturik ez zaio falta izan azkoitiarrari, eta kultur arloko askotariko lanetan aritutakoa da. Zuloa saikera liburua kaleratu berri du, urteetako lanaren ostean.

2012an jaso zenuen Tene Mujika beka, eta sei urtera kaleratu duzu liburua. Asko kostatutako lana izan al da?

Asko ez, ikaragarri. Beka jaso nuenean, lana urtebetean egitekotan nintzen; izan ere, halako beka batera aurkezten zarenean, beroaldian zaude eta egingo duzula pentsatzen duzu. Buruan duzu proiektua, baina, gero, beste gauza pila bat egin behar da bizitzeko. Gainera, idazten ari nintzen obren gaineko materiala banuen, baina beti ateratzen dira irakurketa, kritika edo elkarrizketa berriak, eta dena jaso behar nuela sentitzen nuen, azken zera hori ere bildu behar nuela. Eta hori batzuetan frustrantea izan da; ez dit lanean lagundu. Beldur batzuk ere banituen, [Xabier] Mendigurenek beka eman zidatenean historia hurbila aztertzeko beka zela argi izateko esan baitzidan. Hori ere pisu moduko zerbait izan da zer idatzi behar nuen, norentzat idatzi behar nuen eta zer tonu izan behar zuen erabakitzerakoan. Dena den, gustura nago emaitzarekin.

Zergatik Zuloa?

Alde batetik, Ibon Aranberriren lanaren izenburua hori delako, eta bestetik, lehen kapituluan horri buruz hitz egiten dudalako. Kontatu nahi nuen horretarako giltzarria izan da Zuloa, hasieratik nuen argi azala hori izatea nahi nuela. Bestalde, zuloa bada erreferentzia bat memoriari, bidean galtzen dugun horri... Eta, bestalde, zuloa hitz polisemikoa da, esanahi ugari ditu, eta gatazkarekin lotuta dago, memoriaren zuloarekin.

Hitzaurrean galdera dezente egiten dituzu. Horien artean dira honako hauek: "Historiak ba al dauka sekula hurbila izaterik?" eta "noiz hasten da iragana historia izaten?". Liburua bukatuta, horiei erantzuteko gai al zara?

Ez, inondik ere ez. Galdera horiek buruan nituen liburua idazten hasi nintzenean, eta helburua ez zen liburua bukatzean horiei erantzutea. Xedea zen galdera horiek ezintasun moduan proposatzea; izan ere, hori da abiapuntua. Historia hurbila aztertzeko proiektu batean zer kontatzen da? Eta, galderak dioen gisan, historia hurbila noiz hasten da? Kezka handia dut horrekin, eta gure gaur egungo bizimodua hain dago beteta informazioz, sare sozialez eta abarrez... Dena segituan pasatzen den sentipena daukat. Adibide bat, Euskal Herrira ekarrita: ETAk zenbat iraun duen ikusten dugu, eta dena zer desberdina den orain. Gaur 15 urte dituen bati hasi zaitez, bada, ETA zer zen azaltzen... Gauza horiekin zalantzak eta kezkak ditut.
Euskal Herriaren historia hurbila gatazka batekin egon da lotuta.

Artean ere izan al du eragina?

Bai, baina aitortu beharra dut nik egin dudan hautaketa interesatua izan dela; hain zuzen ere, nik kontatu nahi nuena kontatzeko aukeratu ditut obra horiek. Euskal Herriko artistek aspalditik egin izan dituzte gatazkarekin lotutako lanak, eta horiek modu interesgarrian proposatu dituzte, ikusleak bere kasa egin dezan berak nahi duen irakurketa.

Gizartean oso zabalduta dago artelanak ez direla ulertzen.

Oso zabalduta dago artea eta gizartea elkarrengandik oso urrun daudela, artea bere baitan bilduta dagoela eta arteak jendeari ez diola ezer transmititzen. Artelanetan proposatzen dituzten gauzak guk modu batean edo bestean bizi ditugunak dira, eta nire lanaren oinarria izan da obrak testuinguru historikoan eta soziopolitikoan kokatzea. Norberak beretik egiten du beti lanaren irakurketa, eta, beraz, beti izango da irakurketa interesatu samarra. Dena den, obra baten irakurketa egiterakoan, lanaren ezaugarriak, gaia, gaiaren tratamendua eta proposamena hartu behar dira kontuan, eta obra horren gaineko beste irakurketa batzuk ere lagungarriak izan daitezke. Irudia irakurtzea da giltza, irakurtzen saiatzea; "irudiak zer esaten dit niri?" galdera egitea norbere buruari. Irakurketa hori nola egin dudan nik? Beste gauza askorekin lotuz. Joera daukat lotura gabeko gauzei lotura bilatzeko. Arte kritikari oso on batek zioen artelanak interpretatu beharrik ez dagoela, obra horretan zer dagoen kontatu behar dela.

Zulo bat al dago arte garaikidearen eta gizartearen artean?

Alde batetik, ez digute irakasten irudiak irakurtzen; eta bestetik, artea ikusteko dugun ohitura nahiko urria da, normalean. Museoetan baino jende gehiago ikusten dut poteatzen, oso adibide txarra jartzen hasita. Arteak ez du pisurik, eta museo batera joaten garenean kostatu egiten zaigu obrak ulertzea. Eta, gainera, museoak audio bidezko gida bat jartzen digu, eta gauzak ulertzeko gure gaitasuna ez dugu lantzen. Museo batera joaten zara, eta ateratzean, "hau al zen?", esan ohi dugu. Saldu digute artea izugarria dela, gorena dela, museoetan nik ez dakit zerekin gordeta dagoela, ikaragarri balio duela... eta hori guztia jakinda, ezin hobea izan behar duela pentsatzen dugu. Eta izugarria izan behar zuen horrek ez dizu ezer esan, frustratu egiten zara eta "ni tontoa al naiz?", galdetzen diozu zure buruari. Sakratutasuna eta sublimetasuna kendu behar zaizkio arteari. Lan bat gustatu zaizula eta zerbait esaten dizula? Ba oso ondo. Eta ez zaizula gustatzen? Oso ondo baita ere. Alde batetik, puztu egin dugu artea. Hedabideek arteari lotutako bi mezu ematen dituzte: "Ez da ulertzen" eta "200.000 euro kostatu da hori egitea edo 200.000 eurotan saldu da margolan bat enkante batean". Bi mutur horien artean gabiltza.

Askotariko 23 artelan aukeratu dituzu libururako. Zergatik horiek?

Ez dakit. Zerrendan gehiago nituen, azken orduan bat edo beste kendu dut, beste batzuk zerrendan zeuden baina ez ditut sartu, hasieran ez zeuden batzuk gehitu ditut... Batzuk oso gustukoak ditudalako eta sartu beharra sentitu nuelako aukeratu nituen; izan ere, Euskal Herriko historia hurbila artearen bitartez aztertzeko derrigor sartu beharrekoak ziren horiek. Esplizituki azaldu ez baldin badut ere, badu hari bat saiakerak, nire hari bat.

Artisten iritzirik jaso al duzu liburua argitaratu ostean?

Ez, ez aurretik eta ez ondoren. Garbi nuen ez nuela artistarengana joan nahi bere lanak zer esan nahi zuen galdetzera. Uste dut artelanei buruz hitz egiteko pertsonarik desegokiena haren egilea dela, ni Zuloa liburuaz hitz egiteko naizen bezalaxe. Egileak gauza pila bat ditu buruan, forma eman dio lanari eta bere ustez gauza bat egin du. Baina garrantzitsuena da hartzaileak zer jasotzen duen, eta Zuloa da artelan horiek jaso dituen pertsona batek egindako liburua. Ikusitakoa kontatzen dut, eta horregatik ez dut jaso iritzirik.

Liburuaren tesi nagusietakoa da Euskal Herrian eta euskal kulturan arteak ez duela presentzia handirik. Zergatik diozu hori?

Badut intuizio edo susmo bat, eta hori da 60ko hamarkadan bizi zuten egoeratik ­–euskara debekatuta zegoen, frankismoak zentsura ezarri zuen...– ateratzeko modua izan zela artea. Artea modu sinbolikoan erabili zuten, gauzak komunikatzeko. Txillidaren eta Oteizaren eskultura abstrakto bat nola bihurtu da bat-batean Euskal Herriko identitatearen ikur? Poliedro oker bat ikur bihurtu da garai hartan bizi zen egoerarekin beste aukerarik ez zegoelako. Trantsizioaren ostean, baina, arteak ja ez zuen sinbolikoki hainbeste indar; artistek lehen zuten funtzioa galdu zuten, eta artelanek indarra. 60ko hamarkadan Oteiza eta Txillida ezagutzen zituzten herritarrek, baina haien ondorengo artistak ez dakigu zeintzuk diren, ez dakigu ezer haien lanez eta ez dugu gogorik lan horietan zer esaten duten pentsatzeko. Zuloaren xedeetako beste bat izan da Txillidaren eta Oteizaren ostean ere, Euskal Herriari zerbait interesgarria esan diezaioketen lanak egin direla azaltzea. Bestalde, uste dut hizkuntzarekin lotuta dauden diziplina artistikoak beste modu batean baloratzen direla, baina horiek hizkuntzagatik baloratzen dira. Irudipena dut horrek ere eragin duela; izan ere, arteak normalean ez dauka hizkuntzarik –hizkuntza bisuala da erabiltzen dena–, eta ja horrek atzerakada eragiten digu.

Funtzio sinboliko hori ez du behar euskal gizarteak gaur egun, beraz?

60ko hamarkadan gizarteak bazekien Oteizaren, Txillidaren edo Basterretxearen lanek zer esan nahi zuten, bazekien zeren alde egiten zuten, nahiz eta dena oso kolokan dagoen. Adibidez, Caja Laboralek 1986an eskultura horiekin denekin egutegi bat kaleratu zuen, eta eskultura horiek herritarrentzat oso gertukoak egin ziren; izan ere, hil batean Basterretxearen lana, hurrengoan Txillidarena... zuten herritarrek etxeko sukaldean. Arte joera hura, eskultura haiek, zerbaiten ikur izan ziren, baina gaur egun ea zer banketxek egiten duen egutegi bat Ibon Aranberriren, Asier Mendizabalen eta Itziar Okarizen lanekin. Erabat aldatu da guztia, arteak beste bazter bat hartu du. Ikusi besterik ez dago gizartea, hedabideak eta abar nolako aldatu diren 60ko hamarkadatik hona. Eta ikaragarria da Guggenheim berak nola aldatu digun artea ikusteko modua: artea ikur sinboliko izan zen, eta gaur museoaren apaingarria da. Garrantzitsua museoa da, hiri marka, urbanismoa eta turismoa bultzatzea, eta barruan jartzen diren Warholen lanak edo Armaniren diseinuak bigarren mailakoak dira. Horretara eraman gaituzten faktoreak asko dira, baina arteak 60-70eko hamarkadetan izan zuen funtzioak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik.

Iraganak irautera egiten diola diozu liburuan. Noiz da artea garaikide?

Historia bezala, artea ere xerretan mozten da, eta hori arazo bat da. Arte garaikideaz ari garenean, ez gara ari gaur egungoaz soilik. Arte garaikidea hastean da, batzuen ustez, XX. mendearen hasieran, eta beste batzuen iritziz, 60ko hamarkadan. Arte garaikidea eta gaur egungo artea ez dira gauza bera, baina artea beti da historikoa. Artelan bakoitzak beti dauka urtea, egilearen biografia... eta hori dena da artelan baten historikotasuna. Artelan batek, nahi edo ez nahi, beti islatzen du bere garaia; bere garaiaren seme-alaba da.

Zertarako behar da artea?

Kontua da zertarako den artea eta norentzat: hau da, artea zer da zuretzat, niretzat, bestearentzat... Ez dut uste adostutako zerbait denik. Artea garrantzitsua da guk ontzat ematen ditugun ohiturak eta gauzen ordena naturala hankaz gora jartzeko. Hankaz gora jartzea da eraikita dagoen zerbait dela erakustea. Niretzat artea horretarako da: dena da eraikitako zerbait, objektibotzat eta neutrotzat ematen zaigun hori ere eraikita dago, eta arteak balio behar du naturaltzat ditugun gauzak desnaturalizatzeko.

Pentsamendu kritikorako atea da, beraz?

Pentsamendu kritikoaren oinarria da guztia zalantzan jartzea. Galdetzea da filosofiaren, pentsamendu kritikoaren, kulturaren eta artearen oinarria. Gauzak oso arbitrarioak dira, eta artea da gauzak zergatik diren horrela galdetzeko eta ezarrita dagoena eztabaidagarria dela ikusteko. Norbaitek erabaki du hori horrela izatea, baina ikusi behar genuke zergatik erabaki duen hori. "Zergatik da horrela?" galderari erantzun behar genioke. Adibide bat jartzearrean: zergatik egin behar dute emakumeek pixa eserita eta gizonek zutik? Zergatik ez dugu gizonok eserita egiten? Eta beste adibide bat: familiak ematen dio etxeari forma edo etxeak familiari? Hiru logelako etxe batera joaten bazara bizitzera, zenbat seme-alaba izango dituzu? Hamabi? Ikaragarrizko grazia egiten dit, adibidez, "hau beti horrela egin da" esateak. Izan ere, zer da beti? Noiz arte da beti? Beti horrela egiten bada zergatik aldatzen dira gauzak? Gauza batzuk oso barneratuta ditugu egunerokoan nahiko eroso bizitzeko, eta horiek denak pentsatu gabe jan egiten ditugu.

Zutabegile eta telebistako gidoigile izana, arte kritikaria ere bazara. Zein da arte kritikariaren egitekoa?

Arte kritikarien lana asko aldatu da azken urteetan. Arte kritikarien lana da artelanari edo artistari leihoak irekitzea. Ez lana ezaguna egitea, baizik eta berak egin duen lan horretara iristeko bideak irekitzea. Horregatik, Susan Sontagek dioen moduan, ez dago interpretatu beharrik, deskribatzea nahikoa da, eta arte kritikoak egindako hori zer den kontatu behar du. Bestalde, obra garaiarekin lotzea eta hari testuingurua ematea ere badagokio kritikariari. Ni saiatu naiz hori egiten; batzuetan asmatzen duzu, eta besteetan ez; eta beste batzuetan itota sentitzen zara leiho gutxi zabaltzeagatik.

Bi biografia liburu zeharo desberdin egina zara: Vincent van Gogh eta Joxe Mari Soraluze Epelde.

Biak enkarguz egin nituen. Orain gutxiago, baina van Gogh asko gustatu izan zait. Nerabezaroan, pintatzen hasi nintzenean, van Gogh izugarria zen niretzat. Istorio erromantikoa zuen: pobrea zen, baina margotzen aritzen zen, bere buruaz beste egin zuen, bere lanak arrakasta lortu zuen... Zera erromantiko horren eraginpean nengoela egin nuen liburua; gaur beste era batera idatziko nuke van Goghi buruz. Epelderen liburua, berriz, Trikitixa Elkartearen enkarguz egin nuen. Erronka zen liburu hori egitea, trikitiaren mundua oso arrotza zelako niretzat. Kaleumea izan naiz beti, ez dut bizi izan inoiz trikiti giro hori. Liburuak leihoa ireki zidan, nire herrian neure ondoan, zegoen beste mundu bat ezagutu bainuen.

Kalostra arte eskolaren koordinatzaile izan zinen, baina bertan behera utzi zuten proiektua.

Bai, izan nintzen, oso labur. Maxim Huerta baino pixka bat gehiago iraun nuen, baina... Kulturan gertatzen dira halakoak, beste arlo guztietan bezala. Euskal Herri bezala ez dugu ez pentsatzen, ez funtzionatzen. Administratiboki hirutan banatuta gaude, bi estaturen pean, eta Euskal Herri bezala ez dugunez funtzionatzen, bakoitza berera doa eta ez dago herri ikuskerarik. Ardatzak ez daude zehaztuta, eta ez dagoenez adostasunik, instituzioetara iristen denak boterea baldin badauka, hankaz gora jartzen du aurretik zeudenek egindakoa. Hori horrela izanik, dena dago beti kolokan. Kulturan gauza pila bat ikusten ditut kolokan. Horrela ikusten ez dudan bakarra Guggenheim da. Diru-laguntzak murriztea eta baldintzak aldatzea nahikoa da koloka eragiteko, eta hori beti dago aldaketa politikoaren eta administrazioaren erabakien menpe.

Kultur Mahaiko teknikaria zara. Zer erronka dituzue?

Kultur mugimendua oso indartsu dago Azpeitian, baina hori ere badaezpadakoa da. Ezerk ez du bermatzen hori horrela izango denik hemendik hamar urtera. Euskararen erabilera datuak ikusita, eta joerak eta beste hainbat gauza kontuan hartuta, kezka dezentekoa daukagu, adibidez, transmisioarekin. Kultur Mahaiaren bi ardatz dira sormena eta transmisioa, eta horiekin ari gara lanean. Askotan ematen du gauzak betidanik daudela hor, baina Sanagustinik ez zegoen duela hamar urte. Gauzak berehala aldatzen dira, eta Kultur Mahaiaren erronkak dira irautea, sendotzea eta aurrera begirako norabidea ezartzea herriko kultur mugimenduari.

Kultura zergatik lagundu behar da diru publikoarekin?

Eta industria zergatik lagundu behar da diru publikoarekin? Galdera klabea da artea zertarako den; izan ere, politiko batek ikuspegia izan behar luke, baina baita herriak ere. Ez dugu ikusten artea zeinen garrantzitsua den herri batentzat, herri baten identitatearentzat: zer pentsatzeko gai garen eta zer pentsamendu kritiko daukagun, zenbateraino garen kapaz gure arazoak konpontzen hasteko. Hori ez da ikurrin kontua, egunerokoan sortzen diren arazo potoloak dira horiek: pertsonen arteko harremanak, sexismoa, matxismoa, ikusten ez den biolentzia, lehiakortasuna, bakardadea... Arazo potoloak daude ikurrinaren atzean, eta sormenak, arteak eta kulturak balio dute non bizi garen ikusteko, gure arazoez jabetzeko eta horiek aztertzeko, eta aurrera begira zer izan nahi dugun erabakitzeko. Literaturak eta musikak egin gaituzte garen bezalakoak. Pelikuletan ikasi dugu nola eman musu, nola heldu bikotekideari zinema aretoan... Hori guztia barneratu egin dugu. Zergatik da garrantzitsua EITB indartsu eta ganorazkoa izatea? Euskaldunon erreferentzia nagusia delako. Beraz, zergatik lagundu behar da sormena? Herri bezala ganorazko zerbait egingo badugu, oso garrantzitsua delako.

Euskal kulturaren komunitatea prekarioa da; beti larri. Zer gertatzen da?

Herri subordinatu bat gara, eta ez daukagu gaitasunik, ahalmenik, gogorik eta ausardiarik euskal herri bat, euskaldun herri bat egiteko. Behar dena da hizkuntz politika sendo eta eraginkor bat, eta hori ez daukagu ez dugulako herri bezala pentsatzen eta beste batzuk direlako interesak. Ez dugunez herri proiekturik, euskalduna gero eta babesgabeago dago, zokoratuago, argudio gutxirekin, bere burua justifikatu beharrean... Bere burua justifikatzen diru-laguntzak jasotzeagatik? Nola liteke hori? Espainiarrek ez al dute diru-laguntzarik jasotzen? Diario Vascok, adibidez, 80.000 euro jasotzen ditu euskara sustatzeko. Benetan ari al dira? Egongo ez gara ba gero eta prekarioago, eta, gainera, esango dute, euskarazko kultura ez dela kontsumitzen... Nola kontsumituko dira, baina, euskarazko edukiak, egunero euskara bazter batean lagatzen duen bonbardaketa mediatikoa baldin badago! Euskaldunek sortzen dutena ez dela kalitatezkoa dioen mezuarekin dabiltza, euskalduna beti erridikulizatu egiten da –Vaya Semanitan, kasu–... Horri buelta ematen ez badiogu, jai daukagu. Ez dakit nola eman dakiokeen egoerari buelta, baina uste dut erakunde publikoek badutela zer egina.

Euskal kultura gero eta gutxiago kontsumitzen dela diote Siadecok orain gutxi egin duen ikerketaren datuek. Kezkatzekoa da edo datu hutsalak dira?

Kezkatzekoak ez dakit, baina kontuan hartzekoak badira. Datuekin kontuz ibili behar da. Siadecok inkesta egin zuen, jende kopuru bati egin zizkion galderak, eta hortik estrapolatu zituen datuak; beraz, auskalo. Dena den, horiek baino kontuan hartzekoagoak dira Elkarrek ateratako datuak. Elkarrek prentsaurrekoa eman zuen bere jardun ekonomikoaren azalpena emateko. Orduan esan zuten jardun ekonomikoaren %80 banatzaile lanekin fakturatzen duela, baina fakturazio hori ez da Euskal Herrikoa soilik, Espainiakoa ere bai. Hor dago koxka: Elkarrek ikusi badu euskara ez dela errentagarria, espainolari heldu behar diola, espainiarrez editatu, banatu eta saldu behar duela... Arazo handi bat dago hor.

Zein da arazoa?

Euskarazko kultura ez kontsumitzeaz gain, zer eredutara goazen. Kontsumo ohiturak eta moduak aldatu egin dira, gero eta azkarrago aldatuko dira, eta aldaketa horren barruan ulertu behar da kontsumoarena. Nire irudipena da euskaraz asko hitz egiten den tokietan kontuz ibili beharra dagoela; izan ere, guk pentsatzen dugu euskaldunak garela berez, modu naturalean, eta dena etorriko zaigula bere kasa, azpeitiarrak eta mundialak garelako. Baina hori gezur galanta da, eta kontzientzia pixka bat ez bada pizten, jai dago. Euskaldunak baldin bagara eta kontziente bagara, beste era batera jokatzen hasi behar genuke gauza askoren aurrean: erosten dugun egunkaria, ikusten dugun telebista katea... Baina egunero munduaren kontra ibiltzeak nekatu egiten du, eta... Hegemoniaren karta zera da: ezingo duzu bizitza guztian nire kontra egin, errendituko zara, nekatuko zara, eta azkenean esango duzu onena hauxe dela. Eta espainolez hitz egingo dugu, izango zara ez dakit nolakoa, jantziko duzu Real Madrilen elastikoa eta dena ondo joango da.

Azpeitia, kultur arloari dagokionez, izan al daiteke Euskal Herrira begira irekitako laborategi bat?

Bada, jada. Guretzat beti izan da garrantzitsua euskara, eta hori ardatza da. Sormen Gunearen fun-tzionamendua euskaraz imajinatzen dugu, eta sormena garrantzitsua da, baina euskaraz izan behar du. Alde horretatik, Euskal Herriari eta euskaldunei irekita izango da Sormen Gunea. Ez da inor baztertuko, baina lehentasuna izango du antzerkia euskaraz egiten duen talde batek edo zerbait landu nahi duen euskaldun batek. Euskal Herriko sortzaile euskaldunentzat dagoen sareko beste puntu bat izango da Azpeitikoa.  

Eta Sormen Gunea zertarako?

Lanerako. Sormen Gunearen abiapuntua oso sinplea da: sortzaile batek, normalean, baldintza kaskarrak izan ohi ditu lanerako. Batetik, leku bat behar du, eta, bestetik, ederra da antzeko kezkak eta gustuak dituzten lagunak inguruan izatea eta lanerako giroa sortzea horien artean. Hori da, asko sinpletuta, Sormen Guneak eskainiko duena. Baina eskainiko du formazioa, ikasteko aukera, elkarlaneko proiektuak egiteko abagunea, babesa, giroa, eta izan behar du herriko kultur mugimendua bizirik mantentzeko, suspertzeko eta etorkizunean zer izan behar duen erabakitzeko leku bat.

 

MOTZEAN

Liburu bat? Camembert helburu.

Idazle bat? Natalia Ginzburg.

Toki bat? Gurasoen etxeko balkoia.

Artelan bat? Ibon Aranberriren Zuloa.

Abesti bat? Joseba Tapiaren Hemen bizitzea.

Musika talde bat? Anari.

Bidaiatzeko toki bat? Japoniara gustura joango nintzateke.

Jaki bat? Edozein.