Kiroldegiko teilatua konpontzeko lanei ekingo diete astelehenean

Uztarria.eus 2018ko uzt. 20a, 16:41

Azpeitiko Udalak kiroldegiko teilatua konpontzeko obrak egingo ditu astelehenetik aurrera. Bi aste inguru iraungo dute lanok, eta 42.601,42 euroko aurrekontua izango dute. 1990. urtean eraiki zuten kiroldegia, eta Udalak adierazi duenez, orduz geroztik ez da konpondu teilatua, nahiz eta unean uneko arazoei irtenbidea emateko hainbat neurri hartu izan dituzten. Azken urteotan itokinekin "gero eta arazo gehiago" sortzen direla ikusita erabaki du Udalak kiroldegiaren teilatuan obra egitea.

Estitxu Elduaien kirol batzordeburuak adierazi duenez, Azpeitiko Udalaren helburua da "kirol ekipamendu eta azpiegituretan ere mantenu egokia egin eta zerbitzu ahalik eta zerbitzu onena eskeintzea". "Bide horretan ari gara kiroldegian energia berriztagarrien erabilera bultzatzen eta beste hainbat obrak egiten, futbol zelaiko belarra aldatzen eta, orain, kiroledgiko teilatua konpontzen", adierazi du Elduaienek.