Munoaundi herri harresituan indusketak egiten ari da Aranzadi aurten ere

Uztarria.eus 2018ko uzt. 17a, 14:28
Hogeieta bost boluntario inguru ari dira aurten indusketetan. (Aranzadi Zientzia Elkartea)

Hilaren 28ra bitartean egingo ditu indusketak 25 laguneko lantaldeak; larunbatean, bisita gidatua egingo dute herritarrekin, Azkoitiko Abaraxka jatetxetik abiatuta.

Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten ari da Aranzadi zientzia elkartea beste urte batez, bi herrietako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Hilaren 9az geroztik, hogei lagun baino gehiago ari dira lanean Munoaundin, eta hilaren 28ra bitartean arituko dira horretan. Munoaundiko ondarea eta arkeologoen lana gizarteratzeko asmoz, gainera, ohiko bisita gidatua egingo dute larunbat honetan.

Antxoka Martinez Aranzadiren Historiaurreko Arkeologia Saileko kideak gidatzen ditu Munoaundiko indusketak, eta sail horretako beste arkeologo batzuekin batera osatzen du zuzendaritza taldea. Horiez gain, arkeologia ikasleek eta ikasketa horiek amaitu dituzten boluntarioek osatzen dute hogeita bost lagun inguruko lantaldea. “Ikastera, trebatzera eta esperientzia berriak bizitzera etortzen dira boluntario horiek”, esan du Martinezek.

Aranzadik laupabost urterako zehazten ditu Munoaundiko indusketen helburuak, urtez urte egin beharrean. Hala, aurreko urteetan egindako lanen arabera egiten dituzte urratsak hurrengo indusketetan. Aurtengo lanak iazkoen jarraipenak izango dira, eta bi helburu izango dituzte. Batetik, bigarren indusketa gunean sakondu nahi dute. Hau da, harresian, terrazamenduan eta bizitokietan aztarnak aurkitzen jarriko dituzte “indar guztiak” jarriko dituzte. “Bi etxebizitzetan topatu genituen aztarnak aurreko indusketetan, eta orain, horietan sakondu behar dugu. Harresian ere lanean jarraitu behar dugu, haren oinarriak nolakoak ziren eta hura nola suntsitu zen jakiteko”. Bestetik, aztarnategian laginak hartuko dituzte: “Munoaundin bertan hartu genituen lehenengo laginak, eta gero, harresiaren kanpoaldean eta inguru hurbilean. Baina kokapen batzuek oraindik zalantzak sortzen dizkigute, eta hori aztertzen jarraituko dugu. Izan ere, argi dugu Munoaundi bezalako herri harresituek beste hainbat eremu izaten zituztela inguruan. Jendea ez zen soilik herri harresituan bizi; ez zegoen isolatuta, eta pentsatzen dugu inguruan etxalde edo bide bat egon daitekeela”.

Bide horretan, azken urteetatik barruan sartuta duten arantza ateratzen saiatuko dira: “Nekropolia oraindik ez dugu aurkitu, eta eremu hori bilatzen jarraitzen dugu. Badakigu nekropoliak nonbait egon behar duela. Hainbat tokitan arakatu dugu, eta aurkitu ez badugu ere, oinarrizko gauza bat badakigu: Burdin Aroko jendea noizbait hil egin zen, eta nonbaiten egon behar dute pertsona horiek”. Martinezen arabera, ordea, “zaila” da nekropolia aurkitzea, azalean ez delako haren aztarnarik ikusten. “Ez dago nekropoliaren zantzurik. Izan ere, herrixkarekin lotutako Burdin Aroko beste nekropolirik ez dugu ezagutzen Gipuzkoan, eta handik kanpoko nekropolien kokapenek ez dute eredu zehatzik jarraitzen. Beraz, ez dakizu non egon daitekeen, ez dugulako beste erreferentziarik”.

Arkeologoek astelehenetik larunbatera bitartean egiten dute lan, eta aurten ere eguraldiari begira ari dira indusketetan. Zentzu horretan, aurten indusketa “gora-beheratsua” izaten ari dela azpimarratu du zuzendariak. Izan ere, hainbat egunetan geratu egin behar izan dituzte lanak, ekaitza eta euriteak direla eta. “Batzuetan, oso erritmo onean egiten dugu lan, baina beste batzuetan, ezin izan dugu ezer egin, guztia lokaztuta zegoelako”. Dena den, oztopo horiek aurreikusita zituzten, eta lanak bide onean doazela esan du.

Ohi bezala, Munoaundi ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute beste urte batez. Larunbatean egingo dute irteera, eta herritarrak 11:00etan elkartuko dira Azkoitiko Abaraxka jatetxearen aurrean. Handik oinez joango dira aztarnategira, baina Martinezek aurreratu du inork hara oinez iristeko arazorik izango balu, lur orotariko ibilgailuan joateko aukera izango duela.