Azpeitiko Xake Elkarteko kideak, fibrosi kistikoa duten pertsonen alde

Uztarria.eus 2018ko uzt. 16a, 15:51

Kirola eta fibrosi kistikoa jasaten duten pertsonenganako elkartasuna uztartu zituzten joan den zapatuan, hilak 14, Azpeitiko Xake Elkarteko kideek. Azpeitiko xakelariak Hondarribiara mugitu ziren fibrosi kistikoa duten pertsonen alde antolatutako xake txapelketan parte hartzera.

Bi mailatan banatu zen txapelketa solidarioa. 16 urtez azpikoen mailan Aner Alonsok eta Alain Mateosek ordezkatu zuten Azpeitia. Senior mailan, aldiz, Jose Andres Perezek. Txapelketan parte hartzeko izen-ematean ordaindutako dirua fibrosi kistikoa duten pertsonen alde lan egiten duen Arnasa elkarteari eman zioten antolatzaileek.

(Argazkiak: Iñaki Uranga)