Orkatzen, Erreka Biken eta Interneten eman daiteke izena Orain Presoak bizikleta martxarako

Uztarria.eus 2018ko uzt. 16a, 11:49

Datorren uztailaren 20an izango da Mont d'Marsango espetxean hasi eta Zaballakoan bukatuko den martxa. Bizikleta martxa lau etapatan gauzatuko dute. Martxaren bidez presoen salbuespen egoerarekin bukatu beharra dagoela aldarrikatuko du Orain Presoak dinamikak.

Orain Presoak bizikleta martxarako izena eman daiteke dagoeneko Orkatz kultur elkartean, Erreka Bike saltokian eta Interneten, sare.eus webgunean. Datorren uztailaren 20an izango da Mont d'Marsango espetxean hasi eta Zaballakoan bukatuko den martxa. Ibilbidea lau etapatan gauzatuko dute: Mont d'Marsanetik Baionara; Baionatik Donostiara; Donostiatik Altsasura; eta Altsasutik Zaballara.

Martxaren bidez presoen salbuespen egoerarekin bukatu beharra dagoela aldarrikatuko du Sare dinamikak. "Urrunketa politikak zuzen-zuzenean senideek kolektiboan eragiten duen sufrimendua nabarmendu nahi dugu", azaldu dute dinamikako kideek.

Frantzian hasiko da martxa, Sareko kideen arabera, hango gobernuak "aldaketarako borondatea" erakutsi duelako. "Bertan frogatu da, besten behin ere, gizarte zibilaren lanaren garrantzia, gizarte zibilak lortu baitu Frantziako gobernuak estatu horretan dauden euskal presoei dagozkien baldintzak aldatzeko beharrezko urratsak ematen hastea". Sareko kideen ustez, "jarraitu beharreko eredu argia" da hartutako bidea. "Lan lerro horri jarraituta, gizarte zibilaren eta adostasun sozialaren bultzadaz eta babes instituzional eta sindikala kontuan izanda, Espainiako estatua ere bide horretan urratsak egiten has dadin lortu behar dugu", gaineratu du.