Beste bat gehiago etxean

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 13a, 16:00
Elustondo-Leunda familiako kideak Mohamed Nayemekin.

Mohamed Nayem haur sahararrak Azpeitiko Elustondo-Leunda familiaren etxean pasatuko du uda. Oporrak Bakean proiektuaren bidez iritsi da umea Euskal Herrira.

Ekainaren 25ean iritsi zen Mohamed Nayem Azpeitira. Ziurrenik, bere bizitzan lehen aldiz hartuko zuen hegazkina, bere herrialdea, Sahara, uzteko. 10 urte ditu, eta Oporrak Bakean egitasmoaren bidez, Euskal Herriko familia batekin igaroko du uda. Hasieran, erdi lotsatuta eta erdi beldurtuta iritsi bazen ere, berehala egokitu da errealitate berrira. Ez daki euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten, baina zer moduz dagoen galdetzean, hatz potoloa gora begira jarrita adierazten du ondo dabilela. Ederki ikasi ditu bere familia berriko kideen izenak ere: "Jexux, Maio [horrela deitzen diote Rosari], Oinatz eta Ihintza".

Marokoren okupazioa dela eta, sahararrek 42 urte daramatzate Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzen. Hori dela eta, basamortuan du bizilekua Nayemek, eta hango bizi baldintzak ez dira onenak hezkuntzari, osasunari eta elikadurari dagokienez: 55 graduko tenperatura izaten dute urteko sasoi honetan, medikuarenera joateko zailtasunak dituzte… Egoera horren aurrean, beren herrialdetik irten eta bolada bat Euskal Herrian igarotzen dute, Oporrak Bakean egitasmoak egiten duen lanari esker. Hemen, behar dituzten osasun azterketak nahiz ebakuntzak egiten dizkiete, dentistarenera joaten dira…

Aurten, 113 haur saharar etorri dira Gipuzkoara. Horietako ume batzuek aterpeetxetan igaroko dute uda: hamahiruk Tolosakoan eta beste hamarrek Arrasatekoan. Gainontzeko 90 haurrak, berriz, familiek beren etxeetan hartu dituzte. Horietako bat da Nayem; hain zuzen ere, Elustondo-Leunda sendiarekin igaroko du uda.

Familia horretako kideek aspalditik zerabilten buruan horrelako proiekturen batean parte hartzea. "Askotan komentatu izan dugu etxera ume bat ekartzearen kontua, baina lana tarteko, ez genuen horretarako aukerarik izaten. Aurten, ordea, lasaiago ibiltzea egokitu zaigu, eta oraintxe zela momentua pentsatu genuen. Gainera, irakurri genuen gero eta familia gutxiago animatzen direla Saharako haurrak etxean hartzera, eta animatu egin ginen", azaldu du Rosa Leundak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.