Esperientziak elkarbanatzeko jardunaldia egin dute Urola Erdiko zenbait enpresetako kideek Zestoan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 13a, 11:56

Elkarrekin Eskualdea Eraldatzen izenburupean, Urola Erdiko enpresa sarea osatzen duten lantegietako hogei ordezkari inguruk esperientziak eta proiektuak elkarbanatzeko jardunaldia egin zuten atzo, osteguna, Zestoako Bainuetxean. Iraurgi Berritzen garapen agentziak sustatu eta dinamizatu zuen hitzordua. Elkarrekin Eskualdea Eraldatzen proiektuaren xedea da Azpeitiko eta Zestoako enpresen arteko lan ildo posibleen hausnarketa egitea. Horrela azaldu du eskualdeko garapen agentziak: "Ekitaldiaren helburuen artean daude Zestoako enpresetan Iraurgi Berritzenek bailarako enpresekin duen harreman eredua barneratzea, harreman eredu horren ondorioz azken urteetan enpresen behar konkretuetatik sortu diren proiektuak ezagutaraztea, harreman eredu horren inguruko balorazio bat egitea eta hainbat dinamiketan murgiltzeko lan ildo posibleak zehaztea".

Atzoko jardunaldian pare hartu zuten lagunek aukera izan zuten urteetan zehar Iraurgi Berritzenekin lanean ari diren zenbait enpresen esperientziak entzuteko. Hain zuzen, Kimu Bat, Tecnicur, Domusa eta Alberdi Mekanizatuak enpresek azaldu zituzten beren esperientziak.

Duela bi urte batu zen Zestoako Udala Iraurgi Berritzen garapen agentziaren egitasmora. Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, "enpresen arteko elkarretaratze honek, Zestoako lehiakortasun ekonomikoa bultzatzea eta sustatzea du  helburu, eta marko horretan aurrerapausoak ematea nahi du". Iraurgi berritzenek sustatutako jardunaldira berataratu ziren enpresetako ordezkarie artean jasotako balorazioak "oso positiboak" izan zirela nabarmendu du Iraurgi Berritzenek, eta azpimarratu du hitzordua "zenbait ondorio ateratzeko baliagarria" izan zela.

Aurrera begira ere jarri ziren Elkarrekin Eskualdea Eraldatzen jardunaldian, eta "elkarrekin lanean jarraitzeko konpromezua lehenetsi" dute hitzorduan izan diren enpresariek. Etorkizuneko erronka da,"bakoitzaren errealitatetik hasita, lanerako aukera zehatzak ikuskatzea".