Udalek ekonomian izan dezaketen eragina aztergai, EHUren udako ikastaroetan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 4a, 13:12

Azpeitiko Udalak antolatuta, Elkarrekin eraikitzen. Egungo ekonomia sistemara ekarpenak udaletatik ikastaroa egiten ari dira gaur, asteazkena, Donostiako Miramar jauregian, EHUren udako ikastaroen barruan. Ekitaldiari hasiera emateaz gain, egun osoan iraungo duen egitasmoa koordinatzen ari da Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, eta, besteak beste, "udalek ekonomian eragiteko izan ditzaketen kontraesanak" ari dira aztertzen Euskal Herriko nahiz Espainiako hainbat aditurekin batera. Eguerdiko atsedenaldiaren ostean, arratsaldean jarraituko du saioak, eta mahai inguruarekin amaituko dute ikastaroa. Hizlarien artean izango da, besteak beste, Begoña Beobide Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziako zuzendaria. Irudian, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Joseba Mikel Garmendia EHUko Ekonomia aplikatuko irakaslea. (Argazkia: Azpeitiko Udala)