Berrituz bizitu

Uztarria.eus 2018ko uzt. 4a, 15:15
Elizkalea astegun batean. (Maialen Etxaniz)

Asko aldatu da Alde Zaharra azken hamarkadetan, okerrerako. Beherakadari buelta ematen hasita dagoela dirudi, ordea. Egungo egoeraz erreportaje hau osatu zuten Mailo Oiarzabal, Ainitze Agirrezabala eta Julene Frantzesena kazetariek joan den ekaineko Uztarria aldizkariaren 206. zenbakirako.

Aspaldi utzi zion Alde Zaharrak Azpeitiko erdigune fisiko eta sozial nagusi izateari. Herria hazten eta luzatzen zihoan heinean, auzo berrietako etxeak betetzen eta Alde Zaharrekoak husten eta uzten hasi ziren azpeitiarrak. Urteak dira, era berean, ozenago edo apalago, utzikeriaren ondorioei buelta nola eman aztertzen eta ahalegintzen dabiltzala erakundeak, bizilagunak eta eragileak. Alde Zaharra, biziberritzekotan zioen 2001eko urtarrileko Uztarria aldizkariaren azaleko lerroburuak. Antzekoak dira orduko eta gaur egungo kezka nagusiak, baina urteak ez dira alferrik joan, eta Alde Zaharrari garai bateko bizitzaren parte bat bederen itzultzeko saiakerak fruituren batzuk eman dituela dirudi; bai, behintzat, erreportaje honetarako hitz egin duten askoren aburuz, zer hobetu asko dagoela ahaztu gabe.

Bizilagun berriak eta gazteak Alde Zaharrera erakartzea ezinbestekoa dela aipatu dute batzuek eta besteek, eta Azpeitiko Udalak azken urteetan hartu dituen zenbait neurrik ere helburu hori izan dute. Azken bi agintaldietan jorratutako etxebizitza politikaz hitz egin du Josu Labaka zinegotziak, ezarri nahi izan dituzten oinarrietaz. Etxe hutsen merkaturatzea bultzatzea, alokairurako laguntzak ematea –Alde Zaharrean handiagoak–, beharrak aztertzea eta, behar horietatik abiatuta, epe erdi-luzerako etxebizitza eskaintza gauzatzea dira landu dituzten eta lantzen ari diren ildo nagusiak, eta Alde Zaharrean eragin berezia izaten ari dira neurriok.

Ondasun Higiezinen Zergan –OHZ, gaztelaniaz IBI esaten zaiona– etxebizitza hutsei errekargoa jarri zien Udalak aurreko agintaldian, "gure ustez nahikoa garrantzitsua den neurria", Labakaren esanetan. Zinegotziak dio "behar bat zegoela" etxebizitza hutsak merkaturatzeko, baita etxe horiek alokairuan hartzeko eskaera ere. "OHZ igotzearekin batera alokairurako laguntzak jarri ziren, eta urtez urte gehiago joan dira eskatzen laguntza horiek. Hor ere jasotzen zen Alde Zaharrarekiko diskriminazio positibo bat: laguntzak Alde Zaharreko etxe bat alokatzeko zirenean, 250 euroko topea eduki beharrean, 300ekoa zeukaten. Laguntza horien bitartez alokatu diren etxebizitza gehienak, erdiak inguru edo, Alde Zaharrekoak izan dira, horrek inguru horrentzat izan dituen ondorio positiboekin". Alde Zaharrean pilatzen dira, izan ere, etxe huts gehienak.

Agintaldi honetan, berriz, etxebizitza beharrak ezagutzeko azterketa egin du Udalak, "behar errealen gainean egiteko horiei erantzuteko ariketa". Batetik, 700 herritarrei inkesta egin zieten telefonoz; bestetik, hainbat datu-base gurutzatu eta azterketa sozio-demografikoa egin ondoren, bere ondorioak plazaratu zituen Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak. Azterketaren bigarren ildo horretan Alde Zaharrari eskainitako atal bat zegoen. "Azterketa hori egitea nahi genuen, beste zenbait herritan ere alde zaharrak nolabait atzera gelditu direlako, ahalmen ekonomiko gutxien dutenak soilik bizi diren leku bihurtuta, gazte gutxi, ume gutxi, adineko jendea eta, oro har, perfil zaurgarriena duen jendearekin", azaldu du Labakak. Azpeitiko kasuan, ordea, "Gaindegiako aztertzaileen ezusterako, adin banaketari dagokionez, demografikoki oso orekatua zen argazki bat ateratzen zen. Hori, behintzat, alde zeukan Alde Zaharrak. Jatorri aldetik ere, bertakoen eta etorkinen kopuruak ikusita, nahikoa batez besteko orekatuak ziren". Guztira, Azpeitian 225 etxebizitza behar direla ondorioztatu zuten azterketaren emaitzak ikusita, eta alokairuaren aldeko joera indarra hartzen ari dela.

Emaitza horiek kontuan hartuta hasi dira pausoak ematen. "Etxebizitza hutsetatik abiatuta, eremu urbanoa eraberritzea" da jarraitu nahi duten printzipioetako bat, "eta gaur-gaurkoz, Alde Zaharra da baldintza horiek gehien betetzen dituen eremua". Joan den urte bukaeratik hona, zazpi eraikin zahar erosi ditu Udalak Alde Zaharrean, eta horietako bost eraberritzeko eta haietan etxebizitza sozialak eraikizeko asmoa azaldu du. Labakak dio lanean jarraitzen dutela Alde Zaharreko etxe huts eta zaharkituei irtenbidea emateko. "Baina bat-batean Udalak Alde Zahar osoa erostea eta berritzea, ba ez. Modu mailakatuan eta eskaera dagoen heinean egin beharreko kontu bat da", zehaztu du, eta nabarmendu nahi izan du "urteetan, oso zaila" izan dela "Alde Zaharrean eragitea, esku pribatuetan zeuden jabetzak zirelako, eta asko sakabanatutako jabetzak ere bai, sarri".

Eraikuntzaren boomaren atzetik etorri zen krisiak irakaspenak ere utzi dituela deritzo zinegotziak. "Gauzak berriz planteatu beharra egon da; jarraitu daiteke lehen bezala ere, baina gutxienez, gauzak beste modu batean egiteko aukerak mahai gainean jarri dira. Eta ikusi duguna da ezin dugula jarraitu herria eraikitzen ez dakit norantza, lehendik daukaguna zaharkituta eta usteltzen utzita; horregatik egiten dugu modu orekatuago batean eraikitzearen aldeko apustua".

Bizilagunak

Alde Zaharra "ez sinesteko moduan aldatu" dela dio bizitza guztia herriaren bihotzean daraman Iñaki Lizasok (Azpeitia, 1935). Enparan kalean jaio zen Lizaso Espainiako Gerraren atarian, eta, beraz, haren haurtzaroa guda hark zizelkatu zuen, bete-betean. Nolanahi ere, mutil kozkorretako oroitzapen "onak" ditu: "Enparan kalearen puska bat gurea zen: pilotan, futbolean... aritzen ginen. Orduan ez zen automobilik eta halakorik. Donostiatik Matxinbentara etorri ohi zen egurretara kamioi bat, eta hura bakarrik pasatzen zen. Garai hartan, Azpeitian 10.000 lagun inguru biziko ginen; denak Alde Zaharrean. Besterik ez zen eta. Basazabalen txerri mordoa zen, baita behiak ere. Txillarramenditik azokara jaisten ziren baserritarrek han lotzen zituzten astoak eta erosketak Irentzailerenean egiten zituzten. Diferentzia izugarria dago garai hartatik hona; ez sinestekoa!".

Ezkontzeko garaia heldu zitzaionean, jaiotetxetik ez zen metro asko urrundu Lizaso, Erdikalean osatu baitzuten habi berria Mila Odriak eta biek. "Jaiotzez Odria baserrikoa da Mila, baina zortzi urterekin Enparan kalera jaitsi zen bizitzera izeba baten etxera, kale barrenean zen mojen eskolara joateko". Bikoteak lau seme-alaba munduratu zituen, eta, azken urteetan "gorputza ajeak" azaleratzen hasi arren, igogailurik ez duen eraikinean jarraitzen dute, hirugarren solairuan. "Esan iezaiozu gure andreari Loiolabiden-edo etxe berria emango diozula, baina ezta berehalakoan joango hemendik! Hementxe gaude gustura, hementxe ohitu gara eta".

Aho bizarrik gabe hitz egiten du Lizasok. Lehen ez bezala, gaur egun, Alde Zaharrean bizitzeak "alde on gutxi" dituela dio. "Erosketak egiteko-eta lehen dena etxe atarian genuen. Irentzailenekoa geure etxea izan da, baina hura ere itxi dute... Harategiak bai, beti etxe aurrean ezagutu izan ditugu, baita okindegia ere. Baina erosketak egiteko eskerrak orain BM hor dugun. Garai batean bai, Alde Zaharrak erraztasunak eskaintzen zituen bizitzeko, baina, gaur...". Alde Zaharreko bizilagunei dagokienean ere, "giroa majo aldatu" da Lizasoren esanetan: "Lehen, kalera zihoan etxepeko edonori eskatzen genion gatza edo behar genuena ekartzeko. Hartu-eman hori galdu zen, ordea! Etxeko ateak zabalik izaten genituen beti; giltza jarrita izaten genuen atean. Baina badira urte batzuk ateak ixten hasi ginela". Auzotar guztiek elkar agurtzen zuten garaia nostalgia handiz gogoratzen du azpeitiarrak: "Lehen guztiok ezagutzen genuen elkar familiako izenez: gu Baxiliotarrak, Irentzailetarrak... Oraindik ere esango nuke hasi Plaza Txikitik eta kale barreneraino garai batean zein familia bizi ziren; gaur egun, pentsa, ez dituzu ezta hamar ere ezagutuko". Plaza eraberritu dutenetik "jende pila ederra" biltzen dela han adierazi du, baina Alde Zaharreko gainontzeko kaleetako bizimodua "asko galdu" dela gaineratu du.

Alde Zaharrean bizitzearen alde onak eta txarrak balantzan jarri beharrik izan gabe, Lizasok garbi du berriz jaio beharko balu, "hementxe izatea" nahiko lukeela. "Alferrik da; Sanjuandegi-eta ederrak izango dira, zabalak eta nahi duzuna, baina gu hementxe gaude gustura, hemengotxeak gara eta!".

Izatez Garmendikoa da Mireia Arregi (Azpeitia, 1977), eta Sanjuandegikoa da Xabi Bikendi (Azpeitia, 1976), baina dozena urte pasa daramate Elizkalean bizitzen, udal sustapeneko etxe batean. Arregiren esanetan, gaztetan "beti Amaianean" egoten ziren, 15 urtetatik Xabik han egin zuen-eta lan. Elkarrekin etxea erostea erabaki zutenean, Alde Zaharrean finkatzea "egundoko erosotasuna" izan zela adierazi du bikoteak.

Alde Zaharreko bizimoduaz galdetuta, "autoa aparkatzeko zailtasunak" aipatu ditu Arregik. "Garajerik ez dugu. Soreasun hamabi orduz doan aparkatzeko Alde Zaharreko bizilagunoi Udalak eskaintzen digun aukera hor dugu, baina ez dugu asko erabiltzen; beti saiatzen naiz kanpoan aparkatzen. Bizikleta erabiltzen dut asko". Bikendiren esanetan, "gakoa ohiturak aldatzea" da. "Autoa gutxiago hartzera eta oinez ibiltzera ohitzen zara".

Bertan bizitzen daramatzaten hamalau urteotan Alde Zaharrak izan duen bilakaerari dagokionez, Arregik dio kaleak arratsaldez autoentzat itxi izana "hoberako aldaketa" izan dela. Gainontzean, aipatu du bizitzeko "leku lasaia" dela Elizkalea. Bikendik gogoratu dio karnabaletan Mendizaletan izaten dela festa, baina hori "onartuta" dute. Saninazioetan, berriz, herritik "alde" egiten dute. "Dena bertan dugu, onerako eta txarrerako". Bestalde, Arregik nabarmendu du "atzerritarrak ugaritu" eta saltokiak ixten ari direla. "Pena azken horrek ematen du". Bikendik garbi du saltoki txikiei eusteko "modu bakarra" jendea Alde Zaharrera bizitzera "erakartzea" dela. "Noski, merkatalguneetara joateko ohitura hor dago, baina, gainera, auzoan jenderik ez bada bizi, alferrik da".

Bikendiren aburuz, Alde Zaharra biziberritzeko "gako bakarra" da jendeari bizitzera hara joateko "aukerak eskaintzea". Herrian kontua "belaunaldika" doala adierazi du: "Alde Zaharrera bizitzera etorri den azkena gurea izango zen, duela hamalau urte Udalak sustapeneko etxeak egin zituenean. Duela hogei urte 'mundu gaztea' Damaso auzoa zen; gaur, berriz, izen hori Etxebeltz-Izarrak du. Eta, orain, Alde Zaharra biziberritzeko egitasmoaren barruan, Udalak etxeak erosi ditu eta ideiak baditu, baina Esklabetako atzean babestutako 129 etxe eraikitzen baditu, jendea hango etxeei begira izango da. Azken finean, belaunaldi gazte oso bat hara ari zara eramaten. Beti esan izan dut, babestutako etxeak Alberdienea eremuan egin beharko liratekeela eta libreak Esklabetako atzealde horretan. Bere garaian, Etxebeltz-Izarran BOEak egin zituztenean, azpeitiarren %90 zozketan izena emanda zegoen. Belaunaldi gazte oso bat han bizi da. Eta nik diot, herritarren %90 zozketa hartan sartzeko moduan bazen, zerbait gaizki dagoela. Eta, orain, Esklabetako atzean ere gauza bera pasatuko da".

23 urterekin utzi zuen Eneritz Manzisidorrek (Azpeitia, 1992) Loiolabideko gurasoen etxea, hainbat lagunekin Santutxon bizitzen jartzeko. Azken bi urteak, berriz, Erdikaleko logela bakarreko pisu batean daramatza. "Lanaldi osoan aritzen naiz, baina hala eta guztiz ere alokairua ordaintzeko Udalak ematen duen laguntza ezinbestekoa da". Alde Zaharrean bizitzeagatik, ohiko laguntzaz gain, beste 50 euro jasotzen ditu hilero Manzisidorrek, eta dio "aparteko babes hori ez balitz" ezingo lukeela pisu bat berak bakarrik alokatu. "Alde Zaharra hiltzen ari zen, eta Udalaren laguntza horiek medio, gazte mordoa bizi gara orain hemen". Alde Zaharra biziberritzeko Udalaren egitasmoak "oso egokiak" dira azpeitiarraren esanetan; izan ere, "zaindu ezean, pixkanaka husten joango da".

Alde Zaharrean bizitzearen alde onez eta txarrez galdetuta, Manzisidorrek adierazi du, "Erdikalea oso bizirik" sentitzen duela: "Kalean une oro jendea agurtzen joateak egundoko poza ematen dit, eta bi pausotara Orkatzen egotea eta Alde Zaharreko saltokiek eskaintzen dituzten erraztasunak eskura izatea, berriz, erosoa da oso". Plaza oinezkotzearekin eta Alde Zaharra arratsaldez autoentzat ixtearekin Udalak "bete-betean asmatu" duela gaineratu du. Balantzaren beste aldean, berriz, alde txar bezala, Alde Zaharrean bizitzeak "askotan intimitate falta" izatea dakarrela aitortu du azpeitiarrak. "Etxera noiz sartzen zaren eta noiz ez, pixka bat kontrolatuta sentitu izan naiz inoiz. Festa egun handietan, berriz, desatsegina da Alde Zaharrean bizitzea, zalaparta handia izaten baita; baina, tira, jakineko egunak izaten dira".

Nolanahi ere, Manzisidorren "asmoa" sustraiak mendi aldean botatzea da. "Gaztea naiz, oso aktiboa, eta Alde Zaharrean neure txokoa aurkitu dut. Komunitate txiki bat gara, baina urte batzuetako esperientzia izango da hemen bizitzearena".

Merkatariak

Saltoki txikiek erronka handiak dituzte aurrean, eta Alde Zaharrekoak ez dira salbuespena. Erosleen ohitura aldaketak eta Interneten eta merkatalgune handien itzalak dituzte oztopo nagusi herrietako dendek, baita Alde Zaharrekoek ere. Denda batzuk itxi eta beste batzuk ireki, merkataritzak "pixka bat behera" egin du Alde Zaharrean azken urteetan Bertan merkatarien elkartean diotenez, baina "joera orokorraren barruan" kokatu dute jaitsiera. Saltokiei erreparatuta, moda dendak nagusi dira gaur egun Alde Zaharreko kaleetan. Kaleak oinezkotzeak "estetika komertziala hobetzea" ekarri duela iritzi du merkatarien elkarteak, baina inguruan aparkaleku gehiago eta "gerturatzeko erraztasunak" behar direla uste dute; Azoka Plazaren atzean egokitu duten aldi baterako TAO sistemaren modukoen alde azaldu dira.

Alde Zaharrean azken urteetan hartu diren neurriek eragin positiboa izan dutela uste dute Asier Otaegik (Azpeitia, 1970) eta Maria Angeles Estevezek (Sarreaus, Ourense, Galizia, 1967) ere. Ingurua "pixkanaka hobetzen" ikusten dute, eta bide horretan jarraitu beharra nabarmendu dute bi dendariek.

Duela bi urte eta erdi ireki zuen gizonezkoen jantzi denda Otaegik Erdikalean. Txikitan bizitako etxepean du saltokia, familiaren lokalean; negozio bat jartzekotan, "garbi" zeukan tokia hori izango zela. "Orain artean, esperientzia ona ari da izaten, gustura nago", dio. Dendaz gain, bizitokia ere Alde Zaharrean du Otaegik, eta begi onez ikusten ditu azkenaldiko aldaketak. "Beti bizi izan naiz hemen inguruan, ikusi izan dut bilakaera, eta hobetzen ari da Alde Zaharra. Lehen oso utzita zegoen, eta autoak ibiltzearena ez nuen ulertzen. Desiratzen nengoen oinezkotzeko, neuk negozioa ireki aurretik ere bai, lasai ibili ahal izateko", azaldu du, plazak egin duen aldea nabarmenduz. "Kanpotik bisitan etortzen ziren lagunek, esaterako, ezin zuten ulertu nola zitekeen herriko plaza bat horrela eduki. Orain, aldiz, gustura nago. Gero eta gehiago ari da hobetzen, etxeak-eta berritzen ari dira... Egia esan, oraindik ere badago utzita, etxe zaharrak-eta nahikoa egoera kaskarrean daude. Baina ari da, pixkanaka".

Joan dira ia hogei urte Alde Zaharra oinezkotzeko lehen neurriak hartu zituztenetik. Orduan bezala, harrezkero egin diren urratsen aurrean ere hainbat merkatarik plazaratu du kezka oinezkotzeak beren negozioetan izango zuen eraginarengatik. Otaegiren "gusturako", aldiz, "trafikoa gehiegizkoa da oraindik". Trafikorik ez dagoenean jendea errazago joaten dela iruditzen zaio: "Nire dendara, behintzat, jendea oinez etortzen da, eta gustura antzematen ditut arratsaldeetan autorik ez delako egoten; umeekin ere lasai etor daitezke, eta haiei kanpoan ibiltzen utzi ere bai, beraiek dendan dauden bitartean. Beste saltoki batzuetako bezeroak, agian, errazago hurbilduko dira autoz; baina nire kasuan, behintzat, ez".

Hobekuntza bidean ikusten badu ere, jakitun da Alde Zaharrean oraindik etxe eta lokal huts gehiegi dagoela. "Herria luze-luze egin da, Loiola aldera, eta gazte denak alde hartara joan dira bizitzera. Herri barruan, Azpeitiaren erdigunea izanda, Azpeitiko jende gehiago bizitzea nahiko nuke; merkataritza ere biziago egongo litzateke horrela". Azken urteetan hartzen hasitako neurrietan sakontzea beharrezko ikusten du Otaegik, Alde Zaharrari bizi berria ematen jarraitzeko: "Hemen orain hasi dira etxeak berritzen eta gazteentzako alokairuan jartzen. Hori falta izan da aurreko urteetan. Uste dut hori dela jarraitu beharreko bidea; gaur egungo soldatekin, zaila da gazteak etxe batean sartzea. Alokairurako etxe gehiago behar dira, nire ustez".

Orain arte egindakoari eustea da, gutxienez, Estevezek ere nahiko lukeena. Hamar urte daramatza umeen arropa dendan, Erdikalean; langile gisa hasi zen bertan, baina jabeek denda uztea erabaki zutenean, negozioa berak hartzea erabaki zuen, duela zortzi urte. "Esperientzia ona izan dut. Gogorra ere bai, krisiarekin bat eginda, urte batzuk latzak izan direlako. Hain zuzen, horregatik erabaki zuten uztea aurreko jabeek. Nik segitzea erabaki nuen, eta ez naiz damutu", kontatu du.

Hamar urteotan Alde Zaharra aldatu egin dela dio, "eta hobera", batik bat itxura aldetik: "Uste dut orain gehiago zaintzen dela. Orain dela hamar urte, ia hutsik zegoen, eta itsusiago ere bai, utzita, lokal huts askorekin... Oraindik lokal huts asko dago, baina badaude pixka bat txukuntzeko egitasmoak ere, adibidez, lokal hutsetan jarri ziren argazki zaharrena". Garrantzitsua iruditzen zaio egindakoari eta hartutako neurriei "jarraikortasuna" ematea. "Zaintzen jarraitu behar da. Ez da bakarrik zeozer berria egitea; hori ere bai, noski, negozio berriak jartzeko edo lokalak berritzeko laguntzak ematea, adibidez", gaineratu du.

Trafikoari dagokionez, egungo egoerarekin –kaleak goizez ibilgailuentzat irekita eta arratsaldez itxita– gustura dago Estevez, erosleek "bi aukerak" dituztelako eskura. "Niretzat oso zaila da gauza bat ala bestea den onena esatea. Gauza batzuetarako hobea da trafikoa ibiltzea, eta beste batzuetarako hobea da itxita egotea. Orduan, bi jarrerak ulertzen ditut. Merkatarientzat, behintzat, iruditzen zait egungo egoera egokia dela". Dena den, bada kontu bat gehiago landu beharrekoa, Estevezen aburuz. Soreasuko lur azpiko aparkalekuaren onurak gehiago zabaltzea eskatzen du, jende askok oraindik ez dituelako ezagutzen: "Batzuk etortzen dira dendara kexuka, ezin aparkatuta ibili direlako. 'Baina, hortxe daukazue-eta parkinga!', esaten diet, ehun metrora, txukun-txukun eta eroso. Ez dakit, niri hain erraza iruditzen zait... Eta kanpokoek ez jakitea, beno; baina badago bertako jendea ez dakiena bost orduz doan dela, eta horrek asko harritzen nau".

Tabernariak

Bizitoki eta merkatalgune ez ezik, festa tokia ere bada Azpeitiko Alde Zaharra, eta horri lotuta, taberna gunea eta gau giroaren erreferentzia, "aspaldian asko jaitsita" dagoen arren, Intzeko Saioa Uriak (Azpeitia, 1991) nabarmendu duenez. Uria da AZTEren lehendakaria; herrian dagoen ostalarien elkarte bakarra Alde Zaharreko "hamar bat" tabernak osatzen dute gaur egun. "Alde Zaharrean garai bateko giroa berreskuratzeko ahaleginak egiten ditugu, kontzertuak eta bestelako egitasmoak antolatuta, giro pixka bat sortzeko. Horrez gain, herriko kirol taldeak-eta laguntzen saiatzen gara", dio Uriak.

Oro har, ostalaritzaren egoera "nahikoa txarra" dela uste du. "Orain, uda garaian, izaten ditugu urteko unerik onenak, baina asko jaitsita dago". Txikiteoaren ohitura galtzeko bidean, herriko gazteen joerak aldatuta eta asteburuetan urte luzez izandako mugimendua galduta, formula berrien bila ari dira Alde Zaharreko tabernariak. "Gazteek asko jotzen dute Azkoitira. Agian, neure buruari harriak botatzea izango da, baina Azkoitiak badu jendea erakartzeko hemen ez daukagun alde on bat, eta hori da beranduago ixten diren bi taberna izatea; horrek, nahi ala ez, erakarri egiten du jendea. Ezagutzen ditut azpeitiar asko parranda hemen egitea nahi zutenak, baina taberna denak lauretan ixten direla ikusita, Azkoitira joaten hasi direnak. Gero, modak ere izaten dira, baina uste dut ordutegiek ere asko esan nahi dutela".

Dena den, tabernariak lanerako eta formula berrien bila saiatzeko gogoz ikusten ditu Uriak. "Ari gara gauza berriak eskaintzeko lanean. Pixka bat pentsatuz gero, eta gazteekin eta kaleko jendearekin hitz eginez gero... Hori egin beharreko gauza da, nire ustez; ez dut esaten galdetegi bat pasatzea, baina bai bezeroei eta lagunei galdetzea, batik bat asteburuetan ibiltzen direnei". Gaueko mugimendua galdu den bezala hartu du indarra poteoak, "baina jende helduagoaren artean bereziki", dio Uriak. Berritu ondoren eta trafikoarentzat itxita, "plazak egundoko indarra" hartu duela iritzi dio; hango mugimendua beheragoko tabernetara "ailegatzen da, baina ez da dena ailegatzen", AZTEren lehendakariaren esanetan. "Dena den, egia da poteoak askoz indar gehiago duela gaur egun. Baina gauekoa falta zaigu, bultzada hori".

Etxegilea

Fernando Arakistain (Azpeitia, 1974) kontratista da, eta Alde Zaharrean eraiki berri dituen etxebizitzen azken ukituetan murgilduta dabil. Duela hamar bat urte erosi zuen orube bat Erdikalean, baina orduan "mugimendu askorik ez" zegoela eta, eraikin zaharra bota eta hutsik utzi zuten lurzorua. Iaz hasi zen eraikitzen.

Ez da izan Arakistainek Alde Zaharrean eraikitzen duen lehen aldia; 2008an ere egin zuen zortzi etxebizitzako eraikin bat Erdikalean. "Gure aitak beste etxe batzuk egin zituen bere garaian Enparan kalean, eta neu ere animatu egin nintzen". Hark dioenez, etxegileek ez dute nahi izaten Alde Zaharrean eraikitzea: "Niri gustatu egiten zait, erronka bat delako". Arakistainek berebiziko garrantzia ematen dio Alde Zaharra biziberritzeari. "Alde Zaharrak etxeak berritzeko beharra du. Sumatzen da mugimendua: Udalak etxeak erosi ditu, jendea ari da Alde Zaharrera bizitzera joaten, eta horrek guztiak poz ematen du. Ea bost bat urtean egoerak buelta ematen duen", azaldu du.

Alde Zaharrean eraikitzeak baditu zailtasunak, baina horien gainetik Udalak eta Udaltzaingoak emandako babesa eskertu du kontratistak. "Udalak asko laguntzen du, eta Udaltzaingoa lanerako prest agertzen da beti. Izan ere, obrako edozein lan egiteko kalea itxi behar izaten da. Saiatzen gara ahalik eta eragozpen gutxien sortzen, herritar guztiok elkarrekin bizi behar dugulako". Hala eta guztiz, Arakistainek ondo daki Alde Zaharrean eraikitzea beste edozein tokitan eraikitzea baino garestiagoa dela: "Alde Zaharrean lan egitea garestia da, makina bereziak-eta behar direlako". Garestixeago eraikitakoa merkexeago saldu behar, ordea. "Prezioak herriko zonaldera egokitu behar dira".

Uste du herritarrek oraindik ere badituztela gune horretako etxeen gaineko uste batzuk: "Jendea harrituta gelditzen da etxeak ikustean: askok uste dute etxeak txikiak eta ilunak direla, zarata entzuten dela... baina ez da horrela. Desabantaila nagusia da garajerik ez dutela, baina ehun metrora dago Soreasu".

Arakistainek dio Alde Zaharra indartzen ari dela, eta hartutako hainbat neurrik horretan eragin dutela. "Udala apustu handia ari da egiten; izan ere, agerikoa da Alde Zaharrak bultzada behar duela. Pena litzateke indarrik gabe gelditzea eta hustea. Altxorra da, eta indartu egin behar dugu".