Nerea Berasategi txapeldun, Tuterako triatloian

Uztarria.eus 2018ko uzt. 2a, 19:21
Nerea Berasategi, Tuterako helmugara iristen. (Nerea Berasategi)

Azpeitiarrak bakarkako lehenbiziko garaipena lortu zuen Tuteran (Nafarroa) jokatu zen txapelketan. Hurrengo astean, urteko helburu "garrantzitsuena" izango du jokoan; Espainiako Triatloi Txapelketako kadeten mailan parte hartuko du.

Nerea Berasategik XVIII. Reto del Ebro triatloi proba irabazi zuen, larunbatean. Azpeitiarrak bakarkako lehenbiziko garaipena lortu zuen Tuteran (Nafarroa) jokatu zen txapelketan. 16 urteko kirolariak bi minutuko aldea atera zion hurrengo lehiakideari igeriketa proban, eta jarraian, bizikletako eta korrikako saioetan alde hori mantentzea lortu zuen, garaipena lortuz amaieran. Azpeitiarra "pozik" agertu da garaipenarekin, ez zuelako espero irabaztea.

Berasategik beka bat lortu zuen iaz, Valladolideko (Espainia) Rio Esgueva Kirol Teknifikazio Zentroan bi urteko egonaldia egiteko. Urte "gogorra" izan dela onartzen duen arren, uste baino emaitza "hobeak" eskuratzen ari dela esan du azpeitiarrak. Hurrengo astean, urteko helburu "garrantzitsuena" izango du jokoan; Espainiako Triatloi Txapelketako kadeten mailan parte hartuko du.