1960 eta 2017 urteen artean herritarrek jasan dituzten giza eskubideen urraketen gaineko liburua aurkeztuko dute asteazkenean

Uztarria.eus 2018ko eka. 29a, 15:12

Juantxo Agirre eta Javi Buces Aranzadiko kideak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Aitor Gorrotxategi EAJko ziengotzia. (Azpeitiko Udala)

Lau urteko lanaren ostean, asteazkenean ikusiko du argia Aranzadik Udalarekin elkarlanean osatu duen liburuak. Udaletxeko bosgarren solairuko aretoan izango da ekitaldi irekia, 19:00etan hasita. Liburuan 177 herritarrek jasandako 250 giza eskubide urraketa jaso dituzte. Udalak azaldu duenez, "memoria berreskuratzeko eta egia jakiteko bidean, memoria hurbila ezagutzeko" sortu dute liburua.

Datorren asteazkenean, uztailaren 4an, Azpeitia 1960-2017. Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Azpeitia eta azpeitiarrei gertatuak liburua aurkeztuko dute Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak. 19:00etan izango da ekitaldia, udaletxeko bosgarren solairuko aretoan, eta Paco Etxeberria EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasleak, Jon Mirena Landa EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedradunak eta Eñaut Elorrieta abeslariak parte hartuko dute aurkezpenean.

Udalak azaldu duenez, "memoria berreskuratzeko eta egia jakiteko bidean, memoria hurbila ezagutzeko" sortu dute liburua. Javi Buces Aranzadiko kideak idatzi du liburua, eta hark esan dutenez, "lan nekeza eta zaila" izan bada ere, emaitzarekin "gustura" dago. Eneko Etxeberria alkateak, berriz, liburua udalbatza osoaren babesarekin osatu dela azpimarratu du: "Sufrimendua errekonozitzeko eta egia ezagutzeko osatu dugu liburua; asteazkeneko ekitaldia minaren errekonozimendua izan dadin nahi dugu".

Bucesek jakinarazi du lau urteko lanaren emaitza dela liburua. Hain zuzen ere, 2013-2014 urteen artean hasi zen historialaria dokumentazio lanak egiten, baita eragile sozialekin eta politikoekin elkarrizketak egiten ere. Giza eskubideak urratu dizkieten pertsonen datu basea ere osatu zuen, eta bakoitzaren fitxa pertsonala egin. Fitxa pertsonal bakoitzean lagun horien datu pertsonalak, horiek jasandako urraketak eta hala izan zen frogarik badagoen edo ez dago zehaztuta. "Datu asko bildu ditugu, baina badakigu gehiago badirela. Horregatik, itxi gabeko ikerketa da". Historialariaren arabera, gaia "oso delikatua" da, eta "tentuz eta mimoz" landu beharrekoa.

Ikerketa gauzatzeko nazioarteko irizpideak jarraitu dituzte, eta EHUko profesionalen laguntza izan du Bucesek. Profesional horien artean daude, besteak beste, Paco Etxeberria eta Jon Mirena Landa –aurkezpenean izango dira biak–. "Geure buruari begiratu eta erradiofrafia bat osatu dugu: Azpeitiko erradiofrafia. Aurrera begira pausorik egin behar den edo ez erakundeen esku geldituko da", zehaztu du Juantxo Agirre Aranzadiko kideak. Azpeitian jasotako "tratu ona eta giroa" ere eskertu nahi izan ditu hark: "Independentzia osoz lan egiteko aukera izan dugu, eta memoria lantzerakoan bilatu dugun batasuna ere eskertzekoa da". Haren arabera, "erroka handia" izan da Azpeitian eginiko lanketa, eta "mugarri" izango dela ere adierazi du: "Fakultateetan azpimarratzen dute gertaera bat ehun urtera bilakatzen dela historia. Guk atzora arteko historia ikertu dugu, eta hori herritarren artean nola zabaldu egoki asmatu nahi izan dugu", esan du.

Liburuan 177 herritarrek jasandako 250 giza eskubide urraketa jaso dituzte, eta izen-abizenez aipatzen diren herritar horiei denei gonbidapen pertsonala bidaltzen saiatu da Udala: "Ez da erraza, ordea, denengana iristea, datu gutxi ditugulako. Batzuk hilda daude, beste batzuk ez dira Azpeitian bizi... Ez da erraza, eta horregatik, liburuan agertzen den norbaitek ez badu jasotzen gonbidapena, barkamena eskatu nahi diogu", esan du Etxeberriak. Aitor Gorrotxategi Udaleko EAJren bozeramaileak egindako lana eskertu du: "Aranzadiri egin duen lana eskertu nahi diot; izan ere, gaia zaila da, eta askotan zaila egiten zaie sufritu dutenei jasan dutena kontatzea. Jendea ez da ausartzen oraindik kontatzera, eta eskertzekoa da egindako lana".

Udalak eta Aranzadik asteazkeneko ekitaldira bertaratzeko deia egin diete herritarrei, eta gogorarazi dute bertaratzen direnek doan eskuratu ahal izango dutela Azpeitia 1960-2017. Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Azpeitia eta azpeitiarrei gertatuak liburua.