Azpeitia, txapela defendatzera

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 29a, 16:00
Azpeitiko pilotariak Atano III.a pilotalekuan. (Gipuzkoa Pilota)

Gipuzkoako Herriartekoaren zazpigarren txapelaren bila joango dira Azpeitiko pilotariak bihar Donostiako Atano III.a pilotalekura. Finalerako 500 sarrera inguru saldu dituzte dagoeneko. Urola Kostako Hitzak Dani Murgiondo eta Jon Alberdi seniorrekin hitz egin du.

Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Pilota Txapelketaren finala jokatzeko prest dago Azpeitia. Biharko hitzorduaren atarian, urduri bezain gogotsu daude Ilunpe pilota elkarteko pilotariak. Dena den, ez zaie ilusiorik eta gogorik falta, eta Gipuzkoako Herriartekoaren zazpigarren txapela ekarri nahi dute Azpeitira. Iaz, Oiartzunen aurka neurtu zituzten indarrak finalean, eta hiru partidetatik hiru irabazita gailendu ziren Azpeitiko mutilak. Agertoki berean, Donostiako Atano III. pilotalekuan, jokatuko dute aurtengo finala, baina oraingoan Ataun izango dute parez pare. Bikoteak ere ez dira iazkoak izango. Kadeteetan Unai Alberdik eta Jakes Elosegik ordezkatuko dute Azpeitia; Jubeniletan Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek eta seniorretan Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok. Aurreneko partida, kadeteena, 16:30ean hasiko da, eta horrekin batera hasiko da pilotaren festa. Erlo Telebistak zuzenean eskainiko du finala Internetez. Gaur gaurkoz, apustuetan Azpeitia dago faborito, baina Ilunpeko pilotariek argi dute finalak ez direla txantxetarako gauza, eta markagailuko azken emaitza zein den ikusi arte ez dute ezer ospatzerik nahi.

Finalak zer ekarriko duen jakin ezin bada ere, jakineko kontua da Azpeitiak ondo baino hobeto egin dituela orain arteko lanak, eta horrek piztu duela ilusioa herrian.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.