Ikasle mugimenduaren kontrako atxiloketak salatu dituzte dozenaka lagunek

Uztarria.eus 2018ko eka. 29a, 11:37

Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek eta Azpeitiko Gaztetxeak deituta, dozenaka lagun elkartu zen atzo, osteguna, plazan Gasteizko campuseko ikasleen kontrako atxiloketak salatzeko. Era berean, indar polizialek azken urteotan Gasteizko ikasle mugimenduaren kontra egindako atxiloketak eta erregistroak gaitzetsi zituzten plazan bildutako lagunek. Elkarretaratzearen deitzaileen hitzetan, "horrelako ekintzek helburu bakarra dute", bai Ertzaintzarentzat eta baita Guardia Zibilarentzat: "Egungo errealitate sozialarekiko aurkakotasunean eratzen den mugimendu oro itzaltzea eta botere banaketaren deuseztapenaren bitartez kapitalaren autoritate politikoa indarraren bitartez inposatzea''.

Ikasle mugimenduaren aldeko babes mezua ere igorri zuten atzoko elkarretaratzean, eta elkartasuna erakutsi zieten atxilotutako lau gazteei; tartean, lagun zestoarrari. Elkartasuna erakusteaz harago, lau gazteen absoluzioa eskatu zuten Ikasle Abertzaleakek eta Gaztetxeak.

Horrez gain, testuinguru politikoari egin zioten keinu. "Gaurko operazioaren zergatia perspektiban kokatuz, Euskal Herriko gatazka politikoaren errelatoaren inposizioa eta oraina desitxuratzeko saiakera nabarmena ari dira egiten Espainiar Estatuko botere gorenak",' adierazi zuten. Ikasle Abertzaleakeko eta Gaztetxeko kideek adierazi zutenez,"isilarazi nahi duten horren oihartzuna biderkatzea" lortu nahi dute: "Horretarako beharrezkoa zaigun zilegitasun soziala artikulatu behar dugu. Garaile uste direnen aurrean arrakala berriak ireki behar ditugu, eta iragan hurbilarekiko loturak eratu". Oroimena delitua ez dela esanez eta Guardia Zibila Euskal Herritik kanporatzeko eskatuz bukatu zuten elkarretaratzea.

EHUren Gasteizko campusean mihaketak egin ostean, atzo goizean lau gazte atxilotu zituen Espainiako Guardia Zibilak terrorismoa goratzea egotzita Azpeitian, Etxarrin, Gasteizen eta Pasaian. Atxilotu ostean, Gasteizko kuartelera eraman zituzten, eta dekalaratu ostean aske utzi zituzten lau gazteak. 

Irakurketa osorik, hemen:

Gaur goizean, Gasteizko ikasle mugimenduko hiru kide atxilotu eta beste bat deklaratzera deitu ditu Guardia Zibilak: Azpeitian, Etxarri-Aranatzen, Gasteizen eta Pasaian hurrenez hurren. Guardia Zibilak burutu duen operazioan 2017ko irailaren 27an Zigor Aranbarri gudaria omentzea eta biktimak iraintzea leporatzen diete atxilotuei. Lau kideak Etxarri-Aranaztar, Galdakao, Zestoa eta Pasaiako herritarrak dira.

Horrez gain, atxiloketen aitzakipean, Gasteizko Campuseko ikasle mugimenduaren espazioak erregistratu dituzte: Gizarte langintzako, Letretako eta Farmazia fakultateetako ikasle geletako materiala miatu eta eraman, hain zuzen ere.

Hasteko, nabarmentzekoa eta, era berean, salatzekoa da Gasteizko ikasle mugimenduaren aurka azken urteetan polizia indar ezberdinek aurrera eraman dituzten erregistro eta atxiloketak. Indar armatuen presentzia campusean egunerokoa eta itogarria da. Horren adibide da Ertzaintzak 2017ko martxoan Letren fakultateko ikasle gelan burutu zuen erregistroa. Helburu bakarra dute honekin guztiarekin, bai Ertzaintzak eta baita Guardia Zibilak ere; egungo errealitate sozialarekiko aurkakotasunean eratzen den mugimendu oro itzaltzea eta botere banaketaren deuseztapenaren bitartez kapitalaren autoritate politikoa indarraren bitartez inposatzea. 

Gaurko operazioaren zergatia perspektiban kokatuz, Euskal Herriko gatazka politikoaren errelatoaren inposizioa eta oraina desitxuratzeko saiakera nabarmena ari dira burutzen Espainiar Estatuko botere gorenak. Iraganaren itxuraldaketaren bidez oraina baldintzatzeko saiakeran sakondu nahi dute. Garaiko borrokak eta oraina moldez aldatu badira ere, pertenentzia sentimendua kendu nahi digute: zapaltzaileen aurkako borrokari zilegitasuna kentzea baino ez dute helburu, gure iraganarekiko harrotasunik senti ez dezagun. Honela idazten da garaileen historia, estrategia politikoak beti iraganarekin konexioan eratzen direlarik, orainaren interesei erantzuten diote ordea. Etorkizunari begira marrazten den estrategia da estatu aparatu eta polizia indarren saiakera, iraganaren oinordekotzaren bitartez oraina eta etorkizuna serioski baldintzatu nahi digutelako. Gatazka eta subordinazio eza iraganaren perspektiban baldintzatzen bada, oraina eta etorkizun hurbila ere irabazia dute boteredunek.

Aldaketa politikoa ekidin nahi digute; hau da, testuinguru politikoaren baldintza aldaketa. Eta, horrekin batera, boteredunen garaipen egoera normalizatu nahi dute. Argi ikus daiteke hori Altsasuko polizia operazioan, zeinak legedi sistemaren arau formalak asaldatzen dituen. Era berean, arrazoi bera aurki dezakegu Euskal Herrian azken urteetan terrorismoa goratzearen aitzakipean biderkatu diren operazio judizialetan.

Guzti honen aurrean gure aldarrikapenak biderkatzea dagokigu, ozen eta argi. Isilarazi nahi duten horren oihartzuna biderkatzea lortu beharrean gaude, horretarako beharrezkoa zaigun zilegitasun soziala artikulatuz. Garaile uste direnen aurrean arrakala berriak ireki behar ditugu, eta iragan hurbilarekiko loturak eratu. Garaiak aldatu dira, aurrera pausoak eman beharrean gaude, borrokan guztia eman dutenak omentzearekin batera.

Beraz, atxilotuen absoluzioa exigitzea besterik ez zaigu geratzen, eta horrekin batera besarkada iraultzaile bat luzatzea Gasteizko Ikasle Mugimenduari. Azkenik, oroimena ez dela delitua azpimarratu nahi dugu ozen eta argi, eta Euskal Herritar borrokalariak menperatu nahi dituzten horiek gure lurretatik alde egin dezatela azpimarratu.