Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena kaleratu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko eka. 28a, 13:08
Koloretako oihala jarri dute Azpeitiko udaletxean. (Hitza)
Gaur LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, eta Azpeitiko Udalak bat egin du aldarrikapenarekin. Udalak adierazi du sexua, generoa eta sexualitatea "norberaren identitatearen osagaiak" direla, eta, beraz, "erabateko askatasunez aukeratu beharrekoak".

Gaur LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da; izan ere, 1969ko ekainaren 28ko gauean, New Yorkeko Stonewall pubean, transexual, lesbiana eta gay talde bat matxinatu zen, poliziek eginiko abusuak salatu eta haien eskubideak aldarrikatzeko.

Azpeitiko Udalaren arabera, egun hori "orain arteko lorpenak ospatzeko eta oraindik lortu gabeko oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eguna" da. "Ozen aldarrikatu nahi dugu sexu portaerak eta joerak libreki aukeratzeko dugun eskubidea. Eta, bereziki, aitorpen bat egin nahi diogu gayen, transexualen, transgeneroen, bisexualen etaqueer-en mugimenduari, baita mugimendu feministari ere, horiek jakin baitute sexu eskubideen alde borrokatzen eta jendarte multzoak sexuari, generoari eta sexu ohiturei buruz dituen estereotipoen kontra egiten".

Udalak adierazi du sexua, generoa eta sexualitatea "norberaren identitatearen osagaiak" direla, eta, beraz, "erabateko askatasunez aukeratu beharrekoak". Horiek oinarrizko giza eskubideak direla nabarmendu du udalak.

Horregatik, Azpeitiko Udalak honako konpromiso hauek hartu ditu bere gain:

1. Geure egiten dugu pertsona lesbiana, gay, transexual eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoak defendatzeko aldarrikapena, sexu joera eta identitate ezberdinak normalizatzeko helburuarekin. Horren adierazgarri, ekainaren 28an udaletxeko balkoian ostadar koloreko oihala jarriko dugu.

2. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak indartzea lesbiana, gay, transexual eta transgeneroekiko jarrerak aldatu eta aurreiritzi eta susmoak ezabatzeko.

3. Aurtengo saninazioetan arreta berezia jartzea LGTBI kolektiboak jasaten dituen eraso matxistei, eta horien prebentziorako neurriak hartzea.

4. Prestakuntza programen edo bestelako tresna batzuen bidez beharrezko baliabideak ematea Azpeitiko ikastetxeei eta hezitzaileei, bazterketa prebenitzeaz gain, ikasleen nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak osotasunez garatu ahal izateko. Horretarako, hezkidetza, tratu onak eta sexualitatea lantzen dituen programa indartuko dugu eta lan eremua zabalduko dugu.

5. PLAX! Sexu aholkularitza zerbitzua indartzea, azpeitiar guztiok gure sexualitatea eta harremanak askatasunez bizitzeko baliabideak izan ditzagun.

6. Azpeitiarrei dei egiten diegu mugimendu feministak ekainaren 28rako antolatu dituen ekintzetan parte hartzera.