Premia ekonomikoa duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako diru-laguntza berri bat eskainiko du Udalak

Uztarria.eus 2018ko eka. 21a, 16:58

Diru-laguntza osagarria da emango dutena, besteak beste, etxebizitzaren gastuak eta oinarrizko beharrak ordaintzen laguntzeko. Sustengu ekonomikoa eskatzeko beharrezkoa da Azpeitian erroldatuta egotea; diru-sarrera jakin batzuk baino gutxiago izatea, ondasun higigarrietan diru kopuru zehatz bat baino gutxiago izatea eta ohizko etxebizitzaz gain beste jabetzarik ez edukitzea. Udalak 120.000 euro bideratuko ditu diru-laguntza horietara. 

Azpeitiko Udalak behar ekonomikoa duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako diru-laguntza osagarri berri bat onartu du, oinarrizko beharrak asetuta ez dituztenei laguntzeko. Dagoeneko eska daitezke diru-laguntzak, Udaleko Gizarte zerbitzuen bulegoan. 

Diru laguntza horiek jasotzeko ezinbestekoa izango da Azpeitian erroldatuta egotea azkenengo lau urteetan eta sei Euskal Herrian. Horrez gain, gehienez, honako diru-sarrerak eduki daitezke eskaria egiteko (etxebizitza berean bizi diren pertsona guztienak): 

  • Pertsona bakarra bizi den kasuan, 1.080 euro hileko (12.960 euro urtean) baino gutxiagoko diru sarrera dutenei emango zaie laguntza osagarria.
  • Bi pertsona bizi diren kasuan, bien artean 1.164 euro hileko (13.968 euro urtean) baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenei.
  • Hiru pertsona baino gehiago bizi direnen kasuan, hiruren artean 1.260 euro hileko (15.120 euro urtean) baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenei.

Eskaria egin nahi dutenek, ondasun higigarrietan (banketxeetako diruak) izan beharrekoa kopurua honakoa izango da, gehienez: pertsona bakarraren kasuan, 37.800,48 euro; bi pertsonaren kasuan, 47.250,24 euro; hiru pertsonaren kasuan, 51.030,24 euro. Horrez gain, Eskatzaileek ohizko etxebizitzaz gain beste jabetzarik –lurrak, bigarren etxebizitza bat, lokalak...– ez izatea ere kontutan hartuko da diru-laguntzak ematerakoan.

Baldintza horiek betetzen dituzten herritarrek Udaleko Gizarte zerbitzuetan egin beharko dute diru-laguntzaren eskaria –udaletxeko bigarren solairuan–. Hitzordua eskatzeko, 943-15 71 92 telefono zenbakira deitu behar da. 

Diru-laguntzak eskatzeko epeak

Urte osoan zehar eska daitezke diru-laguntzak. Eskaria orain egin, eta diru-laguntza egokitzen zaion herritarrak, urte osokoa kobratuko du, nahiz dagoeneko urte honen erdia pasatuta egon. Udalak azaldu duenez, "ordainketak nola egingo diren ikusiko da, baina seguruenez orain urte erdikoa eta gero hiru hilabeteka", azaldu du Udalak. Eskaria urtero egin beharko da.

Udalak 120.000 euroko partida jarriko du diru laguntza osagarri hori emateko. Diru guztia banatuko ez balitz, poltsa horretan gelditutako dirua 65 urtetik beherako alargunei banatuko zaie. 

Adinekoen oinarrizko beharrak asetzea xede

Baigera jubilatuen elkartearekin elkarlanean, herriko adinekoen egoera sozio-ekonomikoa aztertzeari ekin zion Udalak, duela hiru urte inguru, 65 urtetik gorako herritarrak nola bizi diren eta zein behar dituzten ezagutzeko eta horiei erantzuteko asmoarekin. Bide horretan, zenbait gizarte langile 600 adinekoren etxeetara joan dira, haiek nola bizi diren ikusi eta beren iritziak jasotzeko.

Udalak adierazi duenez, "ikerketa horrek nahiko argazki positiboa" utzi du. "Azpeitian bizi diren adinekoek lautik hiruk ondo bizi direla esan digute, eta euren oinarrizko beharrak asetuta dituztela. Baina, baita ere, erakutsi digu badirela hilaren amaierara iristeko arazoak dituzten adinekoak, dituzten diru-sarrera eskasen ondorioz, gehienak alargunak eta emakumeak", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. Haren hitzetan, Udalaren "lehentasuna" da, "bere ahalmen eta baliabideen arabera, herritarren bizi baldintza duinak bermatzea, eta premia larriena duten azpeitiarrei laguntzea", batez ere zaurgarritasun edo ahuldade egoeran daudenei. Horregatik, onartu dute 65 urtetik gorako herritarrentzat diru-laguntza osagarria.