Uztailaren 13an itxiko dute babestutako etxebizitzetarako izen-ematea

Uztarria.eus 2018ko eka. 20a, 18:53

Udalak eraikiko dituen babestutako etxebizitzen inguruko informazio bulegoa irekita da azken asteotan, Betharram eraikineko Udal erakusketa aretoan. Orain artean, 350 bat lagun izan dira babestutako etxebizitzen inguruko zalantzak argitzera hurbildu direnak. Ostiralera arte izango da irekita bulegoa, goizetan 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Dena den, etxebizitzetarako izen-ematea egin nahi dutenek, uztailaren 13ra arte eman dezakete izena. 

Izen-ematea egiteko dokumentazioa udaletxeko sarreran aurkeztu behar da. Oraindik ere etxebizitzen edo baldintzen inguruan zalantzaren bat dutenek edo izena emateko betebeharreko dokumentazioarekin laguntzaren bat behar dutenek Azpeitia Berritzenera jo behar dute –Sindikatu Zaharreko bigarren solairura–.  Telefonoz edo helbide elektronikoz ere jar daiteke harremanetan Azpeitia Berritzenekin, 943-15 71 83 zenbakira deituta edo azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatzita.