Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza dantzariek bi txapelketa irabazi dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2018ko eka. 18a, 17:35
Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida, Errezilgo txapelketan lortutako sariekin. (Kris Fernandez)

Zapatuan Errezilen eta atzo Leioan (Bizkaia) jokatutako gazteen dantza suelto txapelketak eskuratu dituzte. Errezilen, June Elorza azpeitiarra eta Eneko Sarasua azkoitiarra sailkatu ziren bigarren tokian. Leioan, berriz, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpitxapeldun izan ziren helduen lehian.

Borobila izan da asteburua Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza dantzarieentzat. Dantza sueltoko bikoteak bi txapelketa jokatu eta biak irabazi ditu. Zapatuan, Errezilgo San Antonio festen barruan jokatu zuten VI. Dantza Suelto Txapelketa bereganatu zuten Azkoitiko Bizkargi musika eskolan Aitor Sorazu irakaslearekin aritzen diren diren urrestildarrak eta azpeitiarrak. Atzo, berriz, Leioako (Bizkaia) XVIII. Dantza Suelto Txapelketan lehiatu ziren, eta han ere garaipena eskuratu zuten.

Errezilgo txapelketan, Luis Alberdi Beltzaren eskolako June Elorza azpeitiarrarentzat eta Eneko Sarasua azkoitiarrarentzat izan zen bigarren tokia. Leioan, berriz, gazteena ez ezik, helduen txapelketa ere jokatu zuten, eta hor azpitxapeldun suertatu ziren Laura Bastida –Itziarren ahizpa– eta Ekain Uzkudun.