Panpinak mimatzen

Uztarria.eus 2018ko eka. 4a, 21:26

Sara Gorostiagak panpinak egiten ematen ditu orduak. Kakorratza edo oihalak baliatzen ditu horretarako, baina eskuak eta mimoa ditu tresna nagusi. Uztarria aldizkariaren 205. zenbakirako  Ihintza Elustondo kazetariak egindako argazki erreportajea da honako hau.

Duela pare bat urte hasi zen panpinak egiten Sara Gorostiaga (Azpeitia, 1976). Andareak izugarri gustatzen zaizkio: "Oso erakargarriak iruditzen zaizkit. Erakusleihoetan, ume txikiak bezala, haiei begira egoten naiz, eta pentsatzen dut: ‘Zer egiten duzu adin honekin panpinei begira!’". Berezko lilura eta josten zekiela baliatuta, probatzea erabaki zuen. Halaxe egin zuen aurreneko panpina, eskuz.

Kakorratzarekin edo oihalekin

Bi motatako panpinak sortzen ditu Gorostiagak: haietako batzuk kakorratzarekin egiten ditu, eta besteak josteko makinarekin eta oihalekin. Lehenik, trapuzkoak egiten hasi zen, baina, pixka bat geroago, ahizpak kakorratzez egindako andare bat oparitu zion, eta halakoak egiten hastea otu zitzaion. Youtuben bideoak ikusiz ikasi ditu bi teknikak, eta dagoeneko horiek menperatzen baditu ere, "etengabe hobetzen" saiatzen da. Irudian, ezkerretik bigarrena oihalez egina da, eta, gainontzekoak, kakorratzez egindakoak dira. 

 

Askotariko materiala

Bi motatako panpinei forma emateko, kotoia sartzen die Gorostiagak barruan. Batzuk egiteko, lodiera ezberdinetako kakorratzak eta haria baliatzen ditu. Trapuzkoak egiteko, berriz, oihala, patroiak, perlak, botoiak, goma, haria, josteko makina...

Eskuak lan tresna

Eskulanak egitea ikaragarri gustatzen zaio Gorostiagari. Josteaz gain, bolilloa ere egiten du, eta azken afizioa du panpinak egitea. "Eskulanak egiteak erlaxatu egiten nau. Tarteka, lan askorekin banabil, neure buruarekin haserretu ere egiten naiz, eta, halakoetan, kalera irten eta bueltatxo bat ematen dut. Baina, beste askotan, kalean nabilenean, etxera itzultzeko irrikaz egoten naiz panpinak egiten hasteko!", azaldu du. 

Detaileak zaintzen

Panpin bakoitzaren xehetasun guztiak ondo zaintzen ditu Gorostiagak: zapatak, belarritakoak, poltsak... Ilea ere, hari zatiak banan-banan josiz egiten die andareei. Aurpegia margotu ere egiten dio zenbaiti, makillajea erabilita. Gainera, badu ohitura bitxi bat: panpin guztiei haurren kolonia pixka bat botatzen die amaitzean, usain gozoa izan dezaten. 

Josi eta josi

Panpinak josten ordu asko ematen ditu Gorostiagak: “Egunean zenbat? Dauzkadan denak. Etxean nagoenean, denbora guztian, telebista jarri eta panpinak egiten egoten naiz”. Andareek lan asko eskatzen duten arren, ez da horretatik bizi Gorostiaga: “‘Hobby’ bat da niretzat”. Dena den, jendea hasi da pixkanaka haren afizioaren berri izaten: "Ahoz aho zabaldu da. Lagunek, lagunen lagunek... esaten didate: ‘Zer politak!’. Oro har, jendeari gustatu zaizkio nire panpinak". Duela gutxi, webgune bat ere zabaldu du.

Amaituta, txukun

Izan estilo batekoa edo bestekoa, panpin bakoitza egiten astebete inguru ematen du Gorostiagak. Irudian, oihalezko panpin bat ageri da:

Mimoz egina, nabaritzen da

Gorostiagaren arabera, harrera ona ari dira izaten bere panpinak: “Ume bati bat oparitu nion, eta leku guztietara harekin joaten omen da. Beste batek, berriz, nik egindako andarea besterik ez omen du buruan”. Mimoz egina nabaritu egiten dela diote, eta egia izango da. Goiko irudia ikusi besterik ez dago.