Ane Irazabal: "Orain bizi duguna errefuxiatuen krisiaren kronifikazioa da"

Uztarria.eus | Gizartea
2018ko mai. 31a, 09:25

Errefuxiatuen dramaz eta Europaren jokabideaz solasaldia eskainiko du kazetariak bihar, osteguna, 20:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Munoaundi elkarteak antolatu du hitzaldia, eta Onintza Segurola kazetari azpeitiarrak gidatuko du saioa. Urola Kostako Hitzak Irazabalekin hitz egin du.

Ane Irazabal kazetaria. (EITB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Ane Irazabalek (Arrasate, 1984) urteak daramatza berriemaile lanetan. Historia eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketak bukatuta, Palestinara joan zen freelance gisa. Handik Egiptora egin zuen jauzi, eta han zela hasi zen errefuxiatuen gaian sakontzen. Ordutik, gertutik jarraitu du afera.

Hainbat herrialdetan, bertatik bertara ikusi duzu errefuxiatuek bizi duten egoera. Zerekin egin duzu topo?

Historiako momentu jakin bat ikusi dut, zeinetan iritsiera handi bat izan den Ekialde Hurbilean piztu diren hainbat gerraren ondorioz eta Afrikan zein Asian pertsona askok bizi duten miseria tarteko. Drama humanitario eta politikoa da, lehendik ere bazena, baina azken hiru urtera arte ez du Europaren atea hainbeste jo. Gertatutakoak erakusten du Europak ez duela sinesten bere balio humanitarioetan, ezta gizaterian ere. Oro har, Europako Batasunak eman duen erantzuna lotsagarria izan da, ez da egon momentu historikoak eskatzen zuen mailan; ez du izan borondate politikorik funamentuzko erantzun bat emateko.

Zer paper hartu du Europak?

Poliziarena. Bere erantzuna izan da mugak esternalizatzea eta ateak ixtea.

Errefuxiatuekin une gogorrak bizi izango zenituen, ezta?

Oso gogorrak. Mediterraneo itsasoko erreskateak eta Lesbosen [Grezia] ikusitakoak oso gogorrak izan ziren. Eta Greziaren eta Mazedoniaren mugaldeetan dagoen Idomeni kanpalekuan pasatu genituen bi hilabeteak ere latzak izan ziren, errefuxiatuen drama lerroburuetatik ahanzturara nola pasatzen zen ikusi genuelako. Orain bizi duguna errefuxiatuen krisiaren kronifikazioa da: ohitu egin gara eta oraindik harrapatuta dauden milaka migratzaile ahaztu egin ditugu.

Zergatik ahaztu ditugu?

Italiako gobernuak eta Libiako miliziek akordio bat sinatu zuten iritsiera gelditzeko, eta azken urtean %78 jaitsi da Italiara doazen iheslarien kopurua. Horrek eragin du albisteek behera egitea, eta, bestalde, breaking newsaren diktadurapean bizi garenez, krisiaren kronifikazioak ez du hainbeste interes pizten.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu