Herriartekoaren eta Berria txapelketaren final laurdenak jokoan izango dira asteburuan herrian

Uztarria.eus 2018ko mai. 30a, 14:32
Joan den ostiralean ere Frontoi Txikian jokatu zuen Azpeitiak, Tolosa kanporatuz.

Eskuz, Gipuzkoako Herriartekoan Asteasuren kontrako joaneko partidak jokatuko ditu Azpeitiak etzi, 22:00etan hasita, Frontoi Txikian. Toki berean baina igandean, 10:30etik aurrera, Doneztebeko Errekaren kontra jokatuko dute Ilunpekoek, Berria Txapelketaren barruan. Gomazko paletako Herriartekoan, berriz, Andoainen kontrako itzulerakoak jokatuko dituzte azpeitiarrek zapatuan Urrestillako Txikuri pilotalekuan, 17:30etik aurrera.

Gipuzkoako Herriarteko txapelketen bi hitzordu eta Berria Txapelketaren barruko beste bat izango dituzte aukeran pilotazaleek asteburu honetan Azpeitian.

Herriartekoari dagokionez, eskuzko txapelketan etxean hasiko du Azpeitiak Asteasuren kontra jokatuko duen final laurdenetako kanporaketa. Ostiralean jokatuko dira partidak, Frontoi Txikian, 22:00etatik aurrera. Horrela, bigarren astez jarraian jokatuko dute etxean Ilunpekoek, joan den ostiralean Tolosa kanporatu ondoren. Gomazko paletan, berriz, final laurdenetako itzulerakoa jokatuko dute Azpeitiko palistek zapatuan, 17:30ean hasita, Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Andoainen, joanekoan, 2-1 galdu zuen Azpeitiak, eta emaitza horri buelta eman beharko diote zapatuan, finalaurrekoetarako txartela lortzeko.

Igandean, Frontoi Txikira itzuliko dira Ilunperen pilotariak, Berria Txapelketaren kanporaketa jokatzeko. Herriartekoan bezala, final laurdenetan dira azpeitiarrak kluben artean jokatzen den txapelketa horretan, eta Doneztebeko (Nafarroa) Erreka elkartekoak izango dituzte aurkari. Hernaniko eta Andoaingo pilotalekuetan jokatzen da normalean Berria Txapelketa, baina asteburu honetan Azpeitiraino iritsiko da, bertako zaleei herriko pilotariak babesteko aukera berria eskainiz. Goizez jokatuko da igandeko jaialdia, 10:30ean hasita.