Museora egokitutako azoka

Gipuzkoako Hitza 2018ko mai. 25a, 12:33
Teresa Mangas eta Belen Ibarrola trenaren museoan. (Ane Olaizola)
Azpeitian Market 8 azoka egingo dute asteburuan, eta, lehenegoz, gastronomiak, kulturak eta modak bat egingo dute hango Burdinbidearen Euskal Museoan.

Zumaia eta Zumarraga lotzen zituen Urolako Trenaren zortzigarren geltokia zen Azpeitikoa. Ibiltarien joan-etorrietarako ez ezik, herrian eta inguruetan egiten ziren azoketara joateko lotura zuzena zen trena. Izan ere, bertara joateko eta salgaiak batetik bestera eramateko garraiobide nagusia izan zen duela 30 urtera arte. Tren enblematikoak izan zuen funtzioari eta, batez ere, Azpeitiko geltokiaren zenbakiari tiraka, astebururako Market 8 azoka antolatu dute, lehendabizikoz, Teresa Mangasek (Azpeitia, 1972) eta Belen Ibarrolak (Aia, 1967). Bi egunez, azoka handi bihurtuko da Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa, eta modak, gastronomiak eta kulturak bat egingo dute bertan.

"Trenak, tradizioz, harreman zuzena izan du kulturarekin eta gastronomiarekin. Garai batekoa da hori guztia, baina ongi uztar daiteke egungo joerekin; iraganera, gaur egunera eta etorkizunera egindako ibilaldia izango da azoka, produktu tradizionalez gain, gaur egun joera direnak ere eskainiko ditugulako". Artisautzak protagonismo berezia hartuko du azokaren lehenengo edizioan; 30 bat postu jarriko dituzte museoko azpiegituretan, eta eskuz egindako eta "kalitatezko" produktuak jarriko dituzte erakusgai. "Norberak egindako produktuek balio berezia izaten dute, eta egun aukera oso zabala dago jarduera horretan", azaldu dute antolatzaileek. "Zenbait lagunek diseinuak bakarrik egiten dituzte, eta beste batzuek hasieratik amaierarainoko prozesua egiten dute. Egungo joerei jarraitzen diete, ordea, guztiek, eta balioa eman nahi diogu horri".

Arropa eta osagarri "originalak" izango dira, beraz, salgai jarriko dituztenak, eta beste hainbat ekintzarekin osatuko dute azokaren egitaraua. Izan ere, tailerrak eta erakustaldiak egingo dituzte bihar eta igandean. Eliku nutrizio aholkularitzako kideek, esaterako, gosari osasungarri bat prestatzen erakutsiko diete bertaratzen direnei, eta landareak hazteko kodedama Japoniako teknika azalduko du Kimu Bat enpresak. Horrez gain, string art diziplinaren berri emango du Harrihari artisautzak; irudiak hariz egiten dira teknika horrekin, eta umeentzako egurrezko jolas didaktikoak ere egingo dituzte.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.