Urteetako ur zikinaren arazoa, behin-behinean, baina konpoduta

Uztarria.eus 2018ko mai. 24a, 19:37
Aitor Bereziartua zinegotzia eta Patxi Gurrutxaga Nuarbeko auzo alkatea. (Udala)

Urteetan hainbat arazo izan dute iturriko urarekin Nuarben. Dena den, Udalak hainbat lan egin du hilabeteotan, eta dagoeneko "ur garbia eta kalitatezkoa" iristen zaie auzotarrei etxeetara. Bestalde, autobusen geralekuetan geltokiak egin eta horietarako irisgarritasuna bermatzeko eta autoen abiadura mugatzeko zebrabideak margotu dituzte.

Urteetan hainbat arazo izan dute iturriko urarekin Nuarben; izan ere, etxe batzuetan, tarteka, ur zikina ateratzen zen iturritik. Urte luzeetako afera izan da auzo horretako urarena, baina Udalak hainbat lan egin du hilabeteotan, eta dagoeneko "ur garbia eta kalitatezkoa" iristen zaie bizilagunei etxeetara. Udalak nuarbetarren bizi kalitatea "hobetzeko" helburuz egin ditu lanok, eta modu horretan, urteetako "arazo larri" bati aterabidea eman diola adierazi du erakundeak.

Nuarben uraren biltegi propioa dute, eta ez dago uraren sare nagusiari lotuta. Ur zikinaren arazoa biltegian egon zitekeela eta, urte hasieratik Beizamako ur biltegitik bideratu dute ura auzora; gainera, hainbat egokitzapen egin dute Nuarbeko ur biltegian. Udalak azaldu duenez, martxoan Nuarbeko ur hoditeria nagusia garbitu, purgatu eta egokitu zuen, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin elkarlanean.

"Urteetan luzatu den arazoa izan da Nuarbekoa, eta kezka handia izan dugu gai honen inguruan, ura ezinbestekoa baita egunerokoan. Azkenean, badirudi behin-behineko irtenbidea bilatu dugula, baina Azpeitiko Udalak Urrestillatik Nuarbe-Matxinbentara doan ur sare nagusia eta Lasaoko araztegira bideratutako sanemendu hodiak konektatzeko lanean jarraituko du, lan horiek egiteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur Konsortzioak baitute", adierazi du Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotziak. Ur zikinen arazoari irtenbidea emateko 97.000 euroko inbertsioa egin du Udalak.

Autobus geltokiak

Uraren arazoari irtenbidea emateaz gain, autobusen Nuarbeko bi geralekuetan geltokiak egin dituzte. Udalak azaldu duenez, herritarrek Denon Artean parte-hartze prozesuan egin zuten lan horiek egiteko eskaera, baita auzo irteeran autoen abiadura mugatzeko neurriak hartzekoa ere. Eskaera horiei erantzunez, bi geltoki egin dituzte auzoan, eta horietarako irisgarritasuna bermatzeko eta autoen abiadura mugatzeko zebrabideak margotu ditu Udalak. Lan horien aurrekontua 72.000 eurokoa izan da.