Asteburu honetan, maiatzaren 26an eta 27an, Iraurgiren V. Saskibaloi Topaketak izango dira. Guztira, 2007an, 2008an eta 2009an jaiotako 500 neska-mutilek parte hartuko dute. 40 talde izango dira saskibaloian jokatzeko prest, eta, tartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeak ariko dira Azpeitira: Amurrio, Balmaseda, Durangoko Tabirako, Bilboko La Salle, Ordizia, Easo, Arrasateko Ointxe eta Urretxuko Goierri.
Gaztetxoek asteburuan zehar jokatuko duten partida bakoitzak sei minutuko sei zati izango ditu, eta kiroldegian, Urola Ikastolan eta Perdillegin izango dira norgehiagokak.
Topaketak larunbat arratsaldean hasiko dira, eta egun horretako partidak aipatutako hiru lekuetan banatuko dira. Igande goizean jarraituko dute neurketek Urola Ikastolan eta kiroldegian eta, horiek amaitutakoan, Sanagustinen bazkalduko dute guztiek. 15:00etatik 17:00ak arte finalerdiak jokatuko dituzte Urola Ikastolan eta kiroldegian, eta finalera iristen direnek kiroldegian jokatuko dute elkarren aurka, 18:00etan hasita.