15 egitasmo aurkeztu dituzte Sorkuntza Bekara

Uztarria.eus 2018ko mai. 21a, 13:07
Errime taldeak jaso zuen 2016an Sorkuntza Beken laguntzetako bat. (Azpeitiko Gaztetxie)

Udalaren arabera, "oso proiektu interesgarriak" jaso dituzte, eta ikus-entzunezkoak dira gehien nabarmendu direnak. Epaimahaiak datozen asteetan jakinaraziko du Udalak eta Kultur Mahaiak zein proiektu lagunduko dituzten.

Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak banatzen dituen Sorkuntza Bekara 15 proiektu aurkeztu direla jakinarazi du Udalak, eta, honen arabera, datozen asteetan emango dute jakitara zein egitasmo lagunduko dituzten. Izan ere, epaimahaia dagoeneko hasi da aurkeztutako proiektuak aztertzen. 

Hirugarren urtez banatuko dituzte Sorkuntza Bekak, eta, iaz bezala, 12.000 euro bideratuko dituzte sortzaile gazteek beraien proiektuak aurrera eraman ditzaten. Bekaren antolatzaileak "pozik" agertu dira aurtengo edizioak izan duen erantzunarekin; inoiz baino egitasmo gehiago aurkeztu dira, eta horrek "kultur proiektuak sortzeko eta garatzeko" herritarrek duten grina erakusten duela azpimarratu dute. Zentzu horretan, urtez urte "forma hartzen eta sendotzen" doan beka dela adierazi du Josu Labaka Kultura batzordeburuak eta epaimahaiko kideak. Ainara Larrañaga Kultura zinegotzia da epaimahaiko beste kidetako bat, eta honen esanetan, "oso proiektu interesgarriak" jaso dituzte aurten. "Kultur proiektuak dira guztiak, baina arlo desberdin askotakoak. Hala ere, ikus-entzunezko proiektuak dira gehien nabarmendu direnak".

2016an jarri zuten martxan Sorkuntza Beka Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak kultur sorkuntza bultzatzeko eta sortzaileei beraien obra sortzeko laguntza ekonomikoa emateko xedearekin. Orduan hamar proiektu aurkeztu zituzten, eta horietatik bost lagundu zituzten diruz. Aurreneko urtean 6.000 euro bideratu zituzten sortzaile gazteen proiektuak diruz laguntzera, eta iaz diru partida hori bikoiztu zuten. Beraz, 2017. urtean 12.000 euro bideratu zituzten Sorkuntza Bekara, eta diru-laguntzak zortzi proiekturen artean banatu zituzten.

Aurrera begira, berriz, Labakak beharrezkotzat jo du ildo horretan "egunez egun lanean jarraitzea, etorkizunean ere Azpeitia kultur arloan bizirik egon dadin". Beraz, "eskura dituzten baliabideak sortzaileen beharretara" jarriko dituztela agindu du.